Etxabakoizko Nicasio Landa Ikastetxe Publikoko patio berria bisitatu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 19a, 14:06

Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak izan dira gaur Etxabakoizen bisitan; eskolaz gain, igogailu berriak ere ikusi dituzte.

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Joseba Asiron alkatea buru izan delarik, Etxabakoitzeko auzoan barrena ibili dira gaur goizean, eta bertan Nicasio Landa Ikastetxe Publikoaren patio berria ikusi dute, aurreko astean jardunean hasi ziren Concepción Benítez kaleko inguruneko igogailuak bisitatu dituzte eta SDC Echavacoiz elkartearen ondoan dagoen eremua ezagutu dute, bertan hobekuntza-lanak egingo baitira Auzoetan Jarduteko Planaren barruan, zeinak hiri osoan zehar banatutako 40 obra baino gehiago barne hartzen dituen.

Kirol-pistak eta jolasgunea dituen patioa

Bisita ikastetxeko patioan hasi da, non udan zehar –eskolarik gabeko aldian– obrak egin diren, 260.000 euroko kostuarekin (BEZa barne). Ikasturte hasierarako bukatu ziren obrak, salbu eta ikasleek gune hori erabiltzea oztopatzen ez zuten xehetasun batzuk eta ikastetxeko zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin kontsultatu nahi izan ziren azken ukitu batzuk. Jarduketa horietan erabat eraitsi da oso hondatua zegoen eta egitura-arazoak zituen zoladura –hein handi batean patioko zuhaitzen sustraien gehiegizko hazkundeagatik–. Behin eraistea amaituta, oinarria birgaitu da, eta horretarako zabor-legar trinkotuarekin beharrezko guneak saneatu eta malda bat egin da ura euri-sareko estolda-zuloetarantz bidera dadin. Euri-sare hori berria egin da ia osorik.

Horren gainean, erabileraren arabera akabera ezberdinak dituen 15 cm lodi den hormigoizko zolata bat jarri da. Oinezkoendako pasabideei tonu natural bat (hormigoiaren beraren grisa) eman zaie, baita ezetasuna dagoenean irristatzea ekiditen duen akabera bat ere. Kirol-pistetan gorria erabili da, akabera erdi landu batekin. Futbito-, minibasket- eta boleibol-pista bana margotu dira –azken bi hauek eremu berean–. Ate, saski eta boleiboleko sare berriak ere instalatu dira.

Haurrendako jolas-eremua erre kolorekoa da eta kautxuzko lurzoru berria du. Egoera onean zeudenez, zabuak bere horretan utzi dira, eta torlojuak eta elementu batzuk baino ez dira aldatu. Horrez gain, bi jolas paratu dira pintura termoplastikoarekin, txingoka bat eta twister bat.

Zuhaiztiak bere horretan dirau, haurrendako baratze eta harea-toki bat sortu da, eta pergola handitu da

Bestalde, patioko zuhaitzen azterketa bat egin zen horiek mantendu ahal izateko eta haien kontserbazio-beharrak zehazteko. Bi zuhaitz ezin izan ziren gorde, sustraiak oso azalean zituztenez haien egonkortasuna arriskuan zegoelako. Txorko berri bat sortu da, zuhaiztiaren zikloak ahalbidetzen duenean, bertan, espezie bat landatze aldera. Gainerako eremu zuhaiztuan bi pasabide berde sortu dira soropila landatuta.

Patioaren beste eremu batean egurrezko hesi batekin inguraturiko baratze bat sortu da, helburu didaktikoekin. Etorkizunean ureztatzeko sistemarik instalatu nahi bada, hartune-hodiak prest utzi dira. Horrez gain, ikastetxeko zuzendaritza-taldearekin bildu eta gero, haurrendako harea-tokiaren eremua birgaitu da, zeina banatuta dagoen hesi baten eta berdegune baten bidez, non aztertzen ari den espezie aromatikoak landatzea.

Haur Hezkuntzako eremuan zegoen pergola ere handitu da, horrela sarrerako atea eta bi arrapalak estalita –horiek ere berrituak–. Oraindik ere, jartzeke dago pergolaren teilatua. Azkenik, zortzi jarleku tokiz aldatu dira, bi berri jarri dira, eta hormatxo-banku bat egin da eraikinetik gertu dagoen zuhaitz baten biziraupena hobetze aldera. Irtenbide honek aukera ematen du zuhaitzaren inguruan lur gehiago jartzeko.

Gainera, ikastetxe honetan, 2016an hiriko bederatzi ikastetxe publikotan egindako obren barruan, Udaleko Gizarte Enpleguak hainbat egokitzapen-lan burutu ditu pinturari, sabaiei, hormei eta ateei dagokienez. 15.000 euroko aurrekontua bideratu da, batez ere, konponketetarako beharrezkoa zen pintura erostera.

Bisita Concepción Benítezeko igogailuetara, ostiraletik erabilgarri

Nicasio Landa IPa utzi eta Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak urriaren 14an, ostiralarekin, jardunean hasi ziren Concepción Benítez kaleko inguruneko igogailuetara joan dira. Bi igogailuak elkarri lotuta daude pasabideen bidez, eta gainera, batek tarteko bi geldialdi egiten ditu, eta horrela eremua antolatzen duten eta maila ezberdinetan dauden lau terrazak igogailuari lotuta daude. Hala, irisgarritasuna hobetzen da hala auzoko kaleen artean, nola beste eremu batzuekin, besteak beste Ipar Etxabakoitz, Mendebaldea eta Barañainekin. Orain arte, Arostegui etorbidetik alderik altuenera iristeko modu bakarra zen % 6 eta % 13 bitarteko malda luzea duen arrapala igarotzea. Concepción Benítezen ingurunean 630 etxebizitza daude, El Sotoko Andre Maria, San Raimundo, Nicanor Beistegui, Teodoro Ochoa de Alda eta Concepción Benítez kaleen artean banatuta.

Lehenengo igogailuak Aróstegui etorbidetik gertu dagoen eremutik abiatzen da, zortzi metroko desnibela gainditzen du gutxi gorabehera, eta erabiltzaileak alde batetik sartuko dira, eta kontrakotik aterako. Irteeratik bigarren igogailuaren sarrerara joan ahalko dira, eta horrek ere sartzeko ate bat du alde batean, eta irtetekoa, kontrako aldean. Igogailu honek tarteko bi geldialdi egiten ditu, batetik bestera bi metro baino gutxiago daudelarik. Horrela, lau geralekuekin etxe-atari guztietarako sarbidea errazten da. Azken plataforma 20 metroko pasabide luze batean pausatzen da, eta hortik malda desberdineko bi arrapalen bidez Teodoro Ochoa de Olza kalera iritsi daiteke.

Igogailuen alboetako hormigoizko hormek erliebedun akaberak dituzte, inguruko hormen berdintsuak, eta ateak dauden aurreko aldeetan kristalak dituzte. Bi igogailuen kabinen neurriak (1,4 x 1,6 x 2,1 m) gehienez ere 13 pertsona hartzeko aukera ematen dute.

Udalak bere gain hartu zuen obra-bukaera Arianek lanak eten ondoren

Bisitan azaldu da lanak iazko udazkenean hasi zirela eta aurreikusita zegoela aurtengo maiatzerako amaituta egotea. Alabaina, kontratuaren enpresa eraikitzaile esleipendunak arazoak izan eta bere jarduera amaitutzat eman zuen, eta horrek obren bukaera atzeratzea ekarri du. Udalak bere gain hartu ditu egiteke zeuden lanak amaitzeko ardura, baita ere, obraren egoeraz eta igogailuen segurtasunaz arduratzea, lanak etenda egon ziren bitartean. Lanak Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras SA enpresari esleitu zitzaizkion 562.792,78 euroan, eta horrek % 30eko beherapena ekarri zuen.

Obrak maiatzaren 16an eten ziren, enpresa esleipenduna hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zela eta. Ekainaren 10ean sinatu zen obra-onarpenaren gaineko adostasunik ezaren akta, eta horrek ahalbidetu zuen Udala obren amaiera negozia zezan Arianek igogailua egiteko azpikontratatuta zituen 8 enpresekin. Amaitzeke zeuden argiteria publikoaren eta muntatze elektrikoen azken ukituak, pasabidearen osagarriak, baranden errepasoa, igogailu-zuloetako kristalen zigilatzea, hiri-altzarien kokapena, arketen amaitzeak eta zoladuren errepasoak. Lanei ekin zitzaien berriro irailaren 12an, eta aste honen hasieran bukatu dira; azken egunotan igogailuen funtzionamendu egokia begiratzeko proba guztiak egin dira. Lanak etenda egon ziren bitartean, Udalak lan egin zuen atzerapenak ahalik eta eraginik txikiena izan zezan auzokideengan, eta bermatzeko Arianek egindako lanak egoera onean mantentzen zirela.

Ibilbidea urbanizazio berrian eta Auzoetan Jarduteko Planaren eremuan barna

Igogailuak egiteko lanez gain, proiektuaren barruan urbanizazio-lanak ere egin dira. Oinezkoen joan-etorrien maiztasuna handitzeko aurreikuspenek espaloiak zabaltzea eragin dute, bai eta ezpondaren egoera hobetzea ere, haren oinarrian hormatxo bat eraikiz. Horrez gain, jarlekuz hornitutako egonleku-aldeak egin dira, haur-jolasen eremua antolatu da, zuhaitzen landaketa aldatu da, eremu honetarako egoki diren espezieak landatuz, eta hobetu egin da euri-urak biltzeko sistema. Halaber, beheko aldean, SDC Echavacoiz elkarteak, Elortz ibaiaren ibaiertzak eta aparkalekuek betetzen duten aldean ibilbide berriak egin dira, eta sarbideak berritu.

Hirigunearen kalitatea eta oinezkoen zirkulazioa hobetzeko lanak egiten jarraituko dugu, Auzoetan Jarduteko Planaren barruan: oinezkoen pasabidea lekuz aldatuko da eta berri bat sortuko, eraikinaren ondoko espaloia handituko da eta eraikinaren atzeko aldean espaloi berri bat eraikiko, Arga ibaiaren ondoko espaloiaren zoladura berrituko da eta biribilgune txiki bat eraikiko da. Jarduketa horien aurrekontua 47.227 euro da.

Etxabakoitzen ere, Aróstegui etorbidean, lurrazpiko igarobidearen ingurua egokitzeko lanak eginen dira, 22.582 euroko aurrekontuaz, bai eta beheko igarobidearen eskailerak ere, 2.390 euroko kostuaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!