Iruñea izanen da 'Galaxiako' lorategi bat duen Europako lehen hiria

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 18a, 08:19

Esne Bidea eskalan Yamaguchin irudikatuko duen eremu berde berezi bat izanen da lorategia. 

Iruñean Esne Bidea lurzoruan ere ikusten ahalko dugu. Iruñeko Udalak asmoa du Galaxiako Lorategi bat egiteko Yamaguchi parkean, Jon Lomberg zientzia-dibulgatzaile eta Cosmos telesail ezaguneko infografistak Hawain abiatu zuen ekimen bati jarraiki. Ideia da figura astronomiko hori eskalan erreproduzitzea, 1.000 metro koadro ingurutan 250 zuhaixka landatuta, horrela iruindarrek, bisitariek nahiz turistek ingurumenaz gain astronomiaz ere ikas dezaten, Iruñeko Planetarioari esker. Datorren udaberrian izanen dugu aukera Galaxiako Lorategian zehar ibiltzeko.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorreko zinegotzi ordezkariak, Mikel Baztán Parke, Lorategi eta Berdeguneetako zuzendari teknikoak eta Fernando Jauregui Iruñeko Planetarioko Didaktika arduradunak. Aurkezpenean Jon Lombergek ekitaldi honetarako berariaz grabatutako mintzaldi bat ikusteko aukera egon da. Lombergek espazio agentzietako zientzia-dibulgatzaileekin elkarlanean aritzeko proposamenak egin dizkio hiriari, proiektuak duen interesa eta berezitasuna direla-eta.

Proiektua bukatzean, Iruñeko Galaxiako Lorategia tankera horretako bigarrena izanen da munduan, eta lehenengoa, Europan. Horren harira, zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan jende ororendako erreferente bat izateaz gain, aisialdiaren eta turismoaren sektorerako beste erakarmen bat izan nahi du. Gizartea engaiatuta, proiektuak sustatu nahi du lorategi publikoak kulturaren arloan eta bizi-kalitateari dagokionez lehen mailako elementu izan daitezen, eta ikusarazi haien eraginak herritarren inguruaren eraldatze-elementu gisa. Diseinu-materialaren (planoak eta eraikitzeko ildo nagusiak) eta lizentziaren kostua 21.000 dolarrekoa (Estatu Batuetakoak) da, eta materialena 25.000 euro ingurukoa izanen da. Hala, metro koadroaren batez besteko kostua 50 eurokoa izanen da, beste edozein lorategiren antzeko kopurua, baina hirirako gizarte-, ingurumen- eta turismo-errentagarritasun handia edukitzeko aukera ematen duena.

Magnitudeak ulertzea

Eskala kontua da. Lorategia lurrera eramandako zerua da, Done Jakue Bidean bezala, baina magnitude neurgarri batean, ahalbidetuko duena bisitariek uler ditzaten bizi diren unibertsoaren dimentsioak. Erreprodukzioak balioko du, baita ere, azpimarratzeko zein den giza presentziak kosmosean duen benetako eskala.

X-itxurako lorategia izanen da, lore-zuhaixkekin egina; hain zuzen, horien formek Esne Bidean dauden nebulosen antza dute, eta azpimarratzen dute naturan “makro” eta “mikro” eskalen artean dagoen paralelismoa. Lorategiko zorua iluna izanen da, eta zapaltzean zirtakatzen duen materialean egina, materia ilunak izarren artean eta uhin elektromagnetikoek espazioan egiten duten gisan. X-aren erdigunean iturri bat egonen da, Esne Bidearen biragune den zulo ilunaren irudikatze gisa. Etengabeko ziklo batean salto egin eta berriz iturrira itzuliko den urak irudikatuko du bildu eta “Gertaeren horizonte” delakoaren bidez darion energia, muga bat espazio-denboran.

Eguzkiaren apaltzea lorategia ikusteko oztopo izan ez dadin, aurreikusita dago led teknologiako argiak erabiltzea, presentzia-sentsoreen bidezko sistema batekin. Baina, lehen begi kolpean behar den zirrara eragin dezan, lorategi osoa inguratuko duen 1,5 eta 2 metro arteko erramuzko landare-hesi bat jarriko da, eta horrek sarbide bakarra utziko dio bisitariari, Planetariora sartzeko arrapalaren aurrez aurreko gunetik. Behin lorategi barruan egonda, lekua egonen da osorik inguratzeko.

Inguruan edo Planetarioaren eraikinean bertan puntu garairen bat bilatzeko aukera aztertzen ari da, horrela lorategiaren ikuspegi panoramikoa erakusteko parada egon dadin.

Kosmosaren lorezainak: nola parte hartu

Udalaren asmoa da herritarrak ekimen honetan engaiatzea, hala Nafarroako zenbait boluntarioak nola, bereziki, Komunitate Foral osoko ikastetxeak. Hor hasiko da Planetarioaren lana. Azaroaren batetik aitzina, Iruñeko Planetarioak jasoko ditu ikastetxeen eskabideak (948 262628 telefonoan edo escuela@pamplonetario.org emailean). Lehen Hezkuntzako nahiz Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta xedea da ikasleek haien ulermen-mailari egokitutako astronomiari buruzko argibideak jasotzea lorategira sartzeko zelaigunean.

Gero, Iruñeko Udaleko Parke, Lorategi eta Berdeguneetako teknikariek azalduko dizkiete lorategi barruan eginen duten lanaren baldintza teknikoak, baita lan hori egiteko laguntza eman ere. Une horretatik aurrera, parte-hartzaileak “kosmosaren lorezainak” izanen dira. Behin lanak amaituta, zentroari buruzko argibideak jarriko dira Planetarioko atarteko horma-irudi didaktiko handi batean, eta haurrek bertan ulertu ahal izango dute egindakoaren magnitudea, baliokidetasunak bilatuta landareen tamainaren eta lorategiko elementu bakoitzak irudikatzen duen argi-urteetako distantziaren artean. Adibide gisara, zuhaixka metro bateko zabalera daukatenean eskalan irudikatuko du galaxian 3.300 argi-urteko distantziaren baliokidea, hau da, espazioan zehar bidaiatzea 3.300 urtez segundoko 300.000 metroko abiaduran.

NUPek ere hasieratik parte hartu du proiektu hau aurrera ateratzeko lanetan, eta etorkizunean ere lankidetzarako aukerak zabalik daude.

Espezieak eta time-lapsea: bizitza hazten ikustea

Lorategi hau gauzatzeko egin beharreko lanak askotarikoak dira, eta landare-zikloen araberakoak dira. Iruñeko Udalak lorategiaren 1.000 metro koadroak prest utziko ditu, eta hortik aitzina parte-hartzaileek egingo dituzte zenbait lan, hala nola landatzea, ureztatzea, inaustea... Proposatzen da neguan loratzen diren espezieak erabiltzea, hala nola Irasagarrondo Japoniarra, halako moldez non haien zikloa udaberriko edo udako beste batzuekin –Gogortsua, kasurako– gainjarri eta urtean zehar lorategi “bizi” horren itxura aldatuko baita.

Prozesu osoa Planetarioko teilatu lauan egonen den kamera baten bidez grabatuko da, eta horrela bukaeran laburpen-film edo time lapse bat lortuko da, Iruñeko ekimen hau hedatzeko eta lorategira bisitak erakartzeko asmoz. Iruñeko Udalak proiektu hau Iruña kalitatezko turismorantz bideratzeko aukera gisa ikusten du, eta ildo horri jarraiki, lan egingo du ahalik eta gehien zabaltzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!