Lau pelikula egokitu proiektatuko dituzte Mendillorriko Civivoxean

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 17a, 14:34

Ikusi, entzun... eta txalo egin zikloan, Mendillorriko Civivoxean: biopica, komedia, musikala eta gazte-zinema. Bihar, Ciudadano Kane Orson Wellesen maisulanarekin izanen da hitzordua.

Berriro ere zinema denentzat eskuragarria Mendillorriko Civivoxean. Hiruhileko honetan genero eta garai desberdinetako lau film proiektatuko dira, audiodeskripzio-sistemaren bitartez eta gaztelerazko azpitituluekin, pertsona guztiendako eskuragarriak izan daitezen Prestigio handiko bi zuzendariren lan esanguratsuenetakoak (Orson Wellesen Ciudaddano Kane eta Francis Ford Coppolaren Cotton Club) uztartuko dira No me chilles que no te veo filmaren umorearekin eta Crepúsculo gazteendako serie arrakastatsuko hirugarren alearekin. Sarrera librea izanen da, gonbidapena hartuta, emanaldia noiz hasi eta ordubete lehenagotik aitzina. Pertsona bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu gehienez ere, eta saioak 19:00etan hasiko dira.

Bihar, urriaren 18an (asteartearekin) Ciudadano Kane zuri-beltzeko klasikoa izanen da ikusgai, eta Orson Welles haren idazle, ekoizle eta protagonista izan zen. Film hori lehen lana izan zen Wellesen ibilbide luzean, eta gidoi onenaren Amerikako Zinema-Akademiaren Oscarra irabazi zuen. Pelikulak aurkezten du Charles Foster Kane pertsonaia magnetikoaren bizitza eta ondarea, zeina William Randolph Hearst prentsa-magnatearen bizitzan oinarritzen den. Kritikari askok Historiako filmik onentzat duten honek berreraikitzen du –ustezko kazetaritza-ikerketa baten bitartez–, pertsonaiaren bilakaera, hasiera idealista batetik boterea eskuratzeko lehiaraino, kritika gupidagabe baten bitartez.

2011n hasi zen programa hau, Iruñeko Udalak eta Retina Navarra elkarteak elkarrekin kudeatuta. Programaren helburua da hirian kultura- eta gizarte-jarduerak topatu, ezagutu eta sustatzeko esparruak sortzea. Azken bost urteotan, hainbat jarduera hartu ditu barne, batez ere zinema-emanaldiak, baina baita informatika- eta eskultura-lantegiak, hitzaldiak eta aurkezpenak ere.

Hurrengo proiekzioak

Asteartez proiektatuko dira film guztiak. No me chilles que no te veo (1989) filmaren txanda azaroaren 8an izanen da. Arthur Hillerrek zuzendu zuen 103 minutuko lana, eta desgaitasunen gaia jorratzen du umorez. Wally itsua da eta Dave gorra. Gizon bat hilko dute beren prentsa-postuaren aurrean, eta beraiek bihurtuko dira susmagarri nagusi. Beren ahalmenak uztartu beharko dituzte errugabe direla frogatzeko. Aktore lanetan aritu ziren, besteak beste, Richard Pryor, Gene Wilder, Joan Severance eta Anthony Zerbe.

Azaroaren 22an, berriz, beste klasiko bat izanen dugu, nahiz eta oraingoan 80ko hamarkadakoa. Cotton Club (128 minutu, 1984) da Francis Ford Coppolaren film arrakastatsuenetakoa. Filmaren izena Harlemgo (New York) gau-klub baten berbera da, eta haren historia kontatzen du: tronpeta-jotzaileak, dantzariak, gangsterrak eta neska txundigarriak biltzen ditu joan den mendeko 20.eko hamarkadan kokatzen den musikal honetan, aktore benetan ezagunen eskuetatik: Richard Gere, Bob Hoskins, Diane Lane, Gregory Hines eta Nicolas Cage, besteak beste.

Hiruhilekoari amaiera emateko, keinu bat gazte-zinemari, Eclipse filmaren bitartez (124 minutu, 2010), hots, banpiroei buruzko Stephenie Meyerren saga ospetsuko hirugarren zatia. Nerabeen arteko maitasun- eta adiskidetasun-kontuak, banpiro eta gizotsoen testuinguru batean. Abenduaren 13an proiektatuko da David Sladek zuzendutako film hori, zeinean aktore lanetan aritu diren, besteak beste, Kristen Stewart, Robert Pattinson, Taylor Lautner, Billy Burke eta Ashley Greene.

Ikusi, entzun... eta txalo egin zikloa (urria - abendua)

  • Lekua: Mendillorriko Civivoxa
  • Ordutegia: 19:00.
  • Sarrera: Sarrera librea da; horretarako, gonbidapena hartu behar da jarduera hasi baino ordubete lehenagotik.
  • Filmak DVD formatuan emanen dira, audiodeskripzio-sistemaren bitartez, eta gaztelaniara bikoiztuak.
  • Koordinatzailea: Nafarroa Retina elkartea

FILM-EMANALDIAK

Urriak 10, asteartea

  • Ciudadano Kane

Azaroak 8, asteartea

  • No me chilles que no te veo

Azaroak 22, asteartea

  • Cotton Club

Abenduak 13, asteartea

  • Eclipse

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!