Peru zuri-beltzean, jendea eta paisaiak Castro Prietoren erakusketan, Mistoen eraikinean

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 27a, 13:19
Argazkia: erakusketa osatzen duen irudietako bat. / castroprieto.com

Erakusketak Peru, eguzkira bidaia du izena, eta urriaren 30era arte egonen da zabalik.

Juan Manuel Castro Prietok, Argazkilaritzako Sari Nazionalaren irabazleak, Peru, eguzkira bidaia izeneko argazki-bilduma erakutsiko du: Ziudadelako Mistoen eraikinean, Andeetako herrialde horretara egin dituen zenbait bidaiatan zuri-beltzean egindako 30 argazki inguru, guztira. Erakusketa zabalik dago jada, eta urriaren 30era arte egongo da ikusgai.

Maitena Muruzabal Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Juan Manuel Castro Prieto argazkilari eta 2015ean Argazkilaritzako Sari Nazioanalaren irabazleak Peru, eguzkira bidaia erakusketaren xehetasunak eman dituzte gaur goizean: erakusketan gizon eta emakumeen lehen planoak, talde-konposizioak eta paisaien eta gizakien arteko harremanen isla diren irudiak ikus daitezke. Erakusketako irudiek gizarte-errealitatea deskribatzen dute, argazkien egileak miresten eta maite duen herrialde bateko eguneroko errealitatea.

Castro 1990ean joan zen lehen aldiz Perura, bere argazkilaritzako laborategi profesionala ireki berria zuelarik, Martín Chambi Peruko argazkilaritzaren maisu handiaren lanen kopiak Cuscon positibatzera. Lan hura amaitu eta gero, egun batzuk gorde zituen herrialdea bisitatu eta ezagutzeko, Peru txikitako bidaia-fantasietan izan baitzuen beti. Inken ibar sakratua eta Machu Picchu izan ziren bisitatu zituen lehen bi guneak, zibilizazio mitiko haren aztarnekin harremanetan jarri zutenak –orain Castro aditu gartsua da haietan–. Mendiko oihana, mendilerroa, Andeetako goi-lautada, ohian amazonikoa edo kostalde eskualdeak dira proiektu honetako eszenatokiak, zeinari esker hamabi aldiz bisitatu baitzuen Castrok Peru, harik eta 2.000. urtean bukatu zuen arte.

Argazkietako pertsonaia guztiek gogora dakarte literatura, argumentua apenas susmatu dezakegun idatzi gabeko fikzio baten parte bailiran. Ateratako milaka irudiak dira atmosfera oniriko baten jatorria, artistak errealitatea zirriborro gisa erabiltzen baitu bere ametsak irudikatzeko. Paisaiak, erretratuak, eszenatokiek asmatutako bidaien aroma mitikoa dute, eta fantasia zein errealitatea uztartzen dute, eta kasu honetan bezala, arrasto autobiografiko nabarmena dute.

Gaur arratsaldean bertan, Castro Prietok publikoarekin hitzaldi-topaketa bat izanen du, 19:30ean, Mistoen eraikinean, non solastuko baita erakusketaz, bere lanez eta argazkilaritzaz. Sarrera doan izanen da. Bestalde, erakusketa Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean bisita daiteke asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara, larunbatetan goizez eta arratsaldez (12:00 – 14:00 eta 18:30 – 21:00), eta igandeetan goizez soilik, 12:00etatik 14:00etara.

Hasieran, autodidakta

Ekonomialaria ikasketez, Juan Manuel Castro Prieto 1977an hurbildu zen lehenengo aldiz argazkilaritzara, eta belaunaldi horretako egile gehientsuenen antzera, modu autodidaktan egin zuen. Laurogeiko urteen hasieran  Madrilgo Argazkilaritzaren Errege Elkarteko kide sartu zen eta bertan ezagutu zituen  Gerardo Vielba, Gabriel Cualladó, Paco Gómez etaJuan Dolcet. 1990ean Cuscora –Peru– joan zen  Juan Manuel Díaz Burgosekin batera, Martín Chambi maisu peruarraren jatorrizko kristalezko plaketatik abiatuta, horien positiboak egiteko.

Castroren lanen hainbat erakusketa egin dira Espainian, Frantzian, Perun, baita Tokion (Japonia) ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira Open Spain, Documentary Photography, erakusketa-ibiltaria Espainia eta Estatu Batuetan barna, 1992an; Hegazkinez,  Pariseko Palais de Tokion, 1992an berean; Vargas Llosaren Peru, Alcalá de Henaresen eta ibiltaria, 1995ean; Peru, eguzkira bidaia, Parisen;  Arrotzak, Madrilen eta ibiltaria, 2003an; Unique eta Ura huts-hutsean, 2004an;  Ten viewsContemporary Spanish Photography, Tokion, 2005ean; Zamaontziaren zain, Bilbon eta ibiltaria, 2006an; Etiopia, Madrilen, 2009an; Ibilaldia amodioan eta heriotzan barna eta Sete, 2011n; Martín Chambi -Peru- CastroPrieto, Fuenlabradan (Madril), 2012an  edo On Kixoteren paisaiak, Toulonen (Frantzia), 2013an.

Castro Prietok Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen iaz. Epaimahaiak honako hau nabarmendu zuen: “Espainiako argazkigintzari egin dion ekarpen nabarmena, hala edukian nola estetikan. Castroren lanek memoriaren ezkutuko arrastoak arretaz aztertzen dituzten irudiak eraikitzea lortzen dute. Bere lanek eguneroko bizitzaren eta urruneko eszenatokien alderdi oniriko eta literarioak azpimarratzen dituzte, eta horretarako berezko unibertso original bat sortzen dute”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!