'Ensanche la Nuit' jaialdia eginen dute Zabalgunean ostiralean

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 26a, 14:07

2.000 lorerekin apainduko dituzte dendak, erosketetarako, musikarako eta flower power gastronomiarako arratsalde-gauean.

Iruñeko Udalak eta Ensanche Área Comercial elkarteak Ensanche la Nuit ekimenaren zazpigarren edizioa antolatu dute, eta 80 establezimendu baino gehiagok hartuko dute parte.

Irailaren 30ean, ostiralarekin, Iruñeko Zabalguneak flower power arratsalde-gaua izanen du. Saltoki, taberna eta bestelako establezimenduek Zabalguneko kaleak apainduko dituzte koloretako 2.000tik gora lorerekin: benetako kolore-eztanda, erosketa, musika eta gastronomiaz beteriko arratsalde baterako. Zumba eskolak, fotomatoia, kontzertuak, instalazio artistikoak, dantza kalean, deskontuak, opariak eta zozketak egonen dira Zabalguneko merkataritza eremuaz gozatzeko.

Horra hor Ensanche La Nuit-en zazpigarren edizioa, Zabalguneko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartearen eta Iruñeko Udalaren ekimena, hiriaren erdialdeko merkataritza sustatze aldera. 80 establezimendu baino gehiagok hartuko dute parte arratsalde-gau berezi honetan, 18:00etan hasita kalejira flower-power batekin eta gauerdira arte, saltokiak 22:00ak arte egonen baitira zabalik.

Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Amaya Villanueva Burdaspar Ensanche Área Comercialeko kudeatzaileak gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Zabalguneko gauaren aurtengo edizioaren jarduera-programa. Gau honen bidez merkatari eta ostalariek herritarrak harritu nahi dituzte kolore-eztanda batekin, eta berezi bihurtu Zabalgunean erosteko aisialdi-momentu hori.

Dagoeneko hasi dira loreekin apaintzen hiriko tokirik enblematikoenetako batzuk, hala nola Gayarre Antzokiaren eta Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioaren fatxadak eta Entzierroaren Monumentua –parte hartzen duten establezimenduez gain–. Horrez gain, loreek honako hauek ere apainduko dituzte: espaloiak, aparkalekuetako tokiak, bankuak, iturriak eta edukiontzi nahiz markesina batzuk –Iruñerriko Mankomunitateak abagunerako propio lagatakoak–. Leire Olkotz artista bisualak zuzenduko ditu esku-hartze artistiko horiek. Hark margotu zuen Decociudad proiektuaren aurreko edizioaren barruan Karlos III.aren etorbidean pintatu ziren hogei estoldetako bat, eta egindako lana saritua izan zen.

Ensanche Área Comercial elkarteak sari bat emanen dio flower power itxura handien duen establezimenduari, eta horretarako baloratuko dira erakusleihoaren apainketa, lokalaren barnealdekoa, baita arratsalde-gau horretan bezeroekin arituko diren saltzaileen janzkera ere.

Zabalguneko gauak honako babesle hauen laguntza du: Reyno Gourmet, Nafarroako Rural Kutxa, Diario de Noticias eta Nafarroako Gobernua. Reyno Gourmet-ek txartelak banatuko dizkie parte hartzen duten saltokiei, eta horiekin 25 Reyno Gourmet produktu-sorta irabazteko aukera egonen da. Ensanche la Nuit-en edizio honen eta parte hartuko duten saltokien inguruko argibide guztiak kontsultatu daitezke ekitaldiaren www.ensanchelanuit.com webgunean.

Jarduera-programa

Jarduera-programa 18:00etan hasiko da, flower power kalejira batekin, Le Bal dantza-eskolaren eskutik. Entzierroaren monumentutik hasi eta Tafalla kaleraino helduko da. 18:30ean, Karlos III.aren etorbidean (San Fermin eta Tafalla kaleen artean) dantza talde horrek Happy koreografia dantzatuko du.

19:00etan, zumba eskola bat egonen da kalean, zehazki, Karlos III.aren etorbidean (Leire kalearekiko bidegurutzean). AltafitGym-eko monitoreek jarriko diete erritmoa Zabalguneko puntu honetara bertaratzen diren guztiei. Horrez gain, 19:00etan, baita ere, flower power fotomatoi bat egonen da Karlos III.aren etorbidean (Gorriti kalearekiko bidegurutzean) . 3 karnet-argazki oparituko zaizkio oroigarri gisa argazki loretsu bat egin nahi duen orori.

19:30ean hasiko da Estefanía de Pazek eta Alice dos Santosek osatutako Alicatê bikotearen la gramola del amor, musika, kabaret, festa, antzerki eta amodioz beteriko ikuskizuna. 19:30ean hasiko dira, baita ere, Broken Brothers Bass Band taldearen emanaldi ibiltariak Zabalgunean zehar.

Musikarekin jarraitzeko, 20:00etan, Nosolosul taldearen kontzertua izanen da, Bianako Printzearen plazan; 20:30ean, Épsilon taldearen musika, García Ximénez kalearen eta Orreaga etorbidearen arteko bidegurutzean; eta 21:00etan, El Desagüe bandaren beste kontzertu bat, Karlos III.aren etorbidean (San Fermin eta Tafalla kaleen artean).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!