Hamabi tabernek emanen dituzte edalontzi berrerabilgarriak Sanfermin Txikin

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 23a, 09:43

Iruñeko Udalaren ekinez, 4.200 ale banatuko dira. Bezeroek euro batean eskuratzen ahal dute edalontzia, eta gero diru hori  itzuliko zaie establezimenduan itzultzerakoan.

Iruñeko Udalak berriz ere bultzatu du edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko kanpaina, asteburu honetan, Aldapako sanferminak direla-eta. Momentuz, hamabi ostalaritza-establezimenduk egin dute bat ekimen honekin. 4.200 edalontzi banatuko dira, jaietako eta gau-aisialdiko ingurune- eta gizarte-inpaktua murrizteko helburuarekin. Horrela erabili eta botatzeko edalontziak bide publikoan pilatzea saihestuko da, eta bizilagunei eragiten dizkien eragozpenak eta egin beharreko garbiketa-gastuak murriztu.

Edalontzi-mota sanferminetan erabilitako bera izango da, eta hauxe leloa: “Ni naiz gainezka egiten ez duen tanta! Hondakin tantarik ez, eraso tantarik ez parrandan ibiliz gero... Denak ez du balio”. Edalontzi berrerabilgarriak ingurunean duen eraginaz gain, eraso sexisten kontrako kanpaina ere islatzen da, eskuaren ikurrarekin eta “Ez da ez” leloarekin. Hona oraingoz kanpainarekin bat egin duten establezimenduak: Krawill, La Bodeguica, Mesón de la Navarrería, Los Burgos, Zuriza, Terminal, Gunea, Iris, Garazi, Infernu, Taberna Alegría eta Zentral.

Funtzionamendua aurreko festetako bera da –Gabon Zahar gauean, Alde Zaharraren egunean eta sanferminetan egin izan da–. Establezimenduek euro bat kobratuko diote bezero bakoitzari edalontziaren truke. Gainera, festetan zehar erabili eta botatzeko edalontzirik ez erabiltzeko konpromisoa hartzen dute, edalontzi berrerabilgarriak dituzten bitartean. Bezeroek edalontzia erabili ahal izango dute, beste garbi baten truke aldatu, beretzat gorde edo erosi duten tabernan zein kanpainan parte hartzen duen beste batean itzuli. Itzuliz gero, gordailu gisa ordaindutako euroa bueltatuko zaie.

Kanpaina amaitzerakoan, Aldapako sanferminak behin amaitu eta gero, Iruñeko Udalak edalontzi berrerabilgarriak jasoko ditu, eta establezimenduei euro bana kobratuko die galdutako edalontzi bakoitzeko. Euro hori tabernek jada euren esku izango dute, bezero bakoitzak gordailu gisa utzi baitu. Iruñeko Udala arduratuko da edalontziak garraiatu eta garbitzeaz, galdutakoak birjartzeaz eta berriak erosteaz, etorkizunean antzeko ekimenetan erabiltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!