Valcalderako 52 fusilatuak omendu dituzte Iruñean

Euskalerria Irratia 2016ko abu. 24a, 09:44

Amadeo Urla fusilatuaren biloba Ana Aranguren Estau Batuetatik Nafarroara etorri da, omenaldian parte hartzeko.

1936ko abuztuaren 23an, 19:00 aldera, 53 preso errepublikazale atera zituzten Iruñeko espetxetik. Askatuko zituztela uste zuten, baina Cadreitara eraman, eta Valcaldera izeneko eskortaren ondoan  fusilatu egin zituzten. Bakar batek, Honorino Arteta Etxarrik, hanka egitea lortu zuen.

Atzo, 80 urte geroago, egun eta ordu berean, Iruñeko espetxe zaharreko orubean, omenaldia egin zieten fusilatuoi. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatu zuen ekitaldia, eta ehun bat lagunek hartu zuten parte. Besteak beste, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak eta Iruñeko alkate Joseba Asironek, baita albistea laguntzen duen bideoa grabatu zuen Bakartxo Ruiz parlamentariak ere.

Fusilatuen artean Amadeo Uria Aranburu zegoen, Iruñeko zinegotzi sozialista. Egun, haren zortzi bilobak Estatu Batuetan bizi dira. Haietako bat, Ana Aranguren, Euskal Herrira etorri da omenaldian parte hartzeko. “Oso hunkiturik” zegoela esan zuen. “Batez ere ama dut gogoan. Bera izan zen honekin guztiarekin gehien sufritu zuena. Orain halako omenaldia egiteak esan nahi du oso gauza larria gertatu zela eta urtetan isilpean gorde dela”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!