80 urte geroago, omenaldia jasoko dute 1936an Cadreita herriko Valcaldera eskortan fusilatu zituzten 52 pertsonek. Hil zituzten egun eta ordu berean eginen dute: abuztuaren 23an, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko espetxe zaharraren orubean, San Roque karrikan.
Omenaldia Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatu du. Eta ekitaldian Ana Aranguren Uriak hartuko du parte, Amadeo Uria Aranbururen bilobak hain zuzen ere. Uria Aranburu 36an fusilatu zituzten Iruñeko Udaleko zazpi zinegotzietako bat zen.
1936ko abuztuaren 23an, 53 preso errepublikazale eraman zituzten Iruñeko espetxetik Cadreitara. Bakar batek ihes egitea lortu zuen. Gainontzeko guztiak fusilatu egin zituzten, Valcaldera izeneko eskortaren ondoan.