Beste hiru gizon atxilotu dituzte emakumeei ukituak egiteagatik

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 13a, 12:17
Argazkia: Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea. / ekinklik.org

Labriten, Foruen plazan eta Tafalla kalean jazo dira erasoak. Hala, hamabost dira sanferminetan indarkeria sexistarekin lotuta atxilotutakoak.

Hamabost dira orotara indarkeria sexista dela eta Poliziak atxilo hartutakoak. Azken hirurak atzo atxilotu zituzten, Labriten, Foruen plazan eta Tafalla kalean eraso egitea leporatuta.

Erasoak jasan dituztenek salaketa egitea garrantzitsua dela nabarmendu dute larrialdi zerbitzuek, eta herritarrei ere dei egin diete berdin jokatzera.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak eraso sexistak "onartezinak" direla esan du Euskalerria Irratiaren Sanfermintza saioan. Era berean, Iruñea "hiri segurua" dela azpimarratu du. Haren hitzetan, gakoa ez da eraso sexista gehiago egon denik, baizik eta "kontzientziazio maila handiagoari esker" gehiago salatu dela.

"Nazka ematen digute eraso sexistek; herritarrek ere hala salatu dute kalean", esan du. "Sanferminak seguruak dira, arazoa gizartearena da. Bada zerbait eragozten duena emakumeak libreki kalera ateratzea". Bide horretatik, orain gertatzen direnak lehen ere gertatzen zirela adierazi du.

Hezkuntzan dago irtenbidea. Hala uste du Iruñeko alkateak: "Errespetua zor diogu elkarri eta baloreetan hezten segitzeko beharra dago". Mugimendu feministaren lana goraipatu du Asironek, eta udalarekin izandako elkarlanak fruitu asko eman dituela uste du: "Eurek erakusten digute erakundeek zein bide jorratu behar dugun, berdintasuna xede izanda".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!