Oso azkarra, garbia eta ikusgarria izan da seigarren entzierroa

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 12a, 09:03
Seigarren entzierroa azkarra, garbia eta ikusgarria izan da. Arg: eitb.eus

Bi minutu eta hamahiru segundu baino ez dituzte behar izan ibilbidea osatzeko. Bost lagun eraman dituzte erietxera ubeldurekin. Adarkadarik ez da izan.

Oso azkarra, garbia eta ikusgarria izan da 2016ko sanferminetako seigarren entzierroa. Arineketan ibili dira zezenak. Imajinatu zein laster egin duten bidea, joaldunek ere lanak izan baitituzte jarraitu ahal izateko. Ezin izan dute zezenen pausoa ere segitu.

Taldean irten dira Santo Domingo aldapatik guztiak.Lehen metroetan, aurreikusi zitekeen bizkor eginen zutela ibilbidea. Eta hala izan da. Irristaldiren bat izan dute udaletxeko plazara iritsi direnean, sustoa baino eragin ez duena. Kolpeka kendu dituzte zezenek korrikalariak erditik, adarrekin alde batera botaz.

Laster, Merkaderesera sartu bezain pronto, bi zezen beltz jarri dira taldea gidatzen. Tartean, lekua utzi dute zezenek korrikalarientzako. Eta hortxe, Merkaderesetik eta Estafeta barruan ikusi ahal izan ditugu lasterketa politak. Hori bai, bakarrik, korrikalari azkarrenentzako entzierroa izan da gaurkoa.

Merkaderesen hain zuzen, Udaletxeko plazatik sartu bezain pronto erori egin dira zezenak. Beltzetako bat eta marroixka. Lasterkariak ezustekoan hartu dituzte eta zenbait, euren inguruan jausi dira.Bi zezenen artean ere izan da korrika egin behar izan duena, estu estu aritu dena zenbait segunduz bien artean.

Plazako sarbidean ere, azken egunetan gertatu bezala, arriskua eragin dute. Izan ere, sarrera horretan eskuinetik jotzen dute zezenek, eta, jendea pilatzen da toki horretan. Irrist ere egiten dute eta erorikoak izaten dituzte maiz. Gaur, deus ez da gertatu, baina, arrisku gunea da hori.

Tentsio uneak bai, baina, larrialdi unerik gabe. Garbia oso izan da seigarren entzierro hau. Adarkadarik gabe eta erietxera lau korrikalari eramanda. Lauek ubeldurak dituzte, arinak. Batek, buruan jaso du kolpea eta besteak sabel aldean hartu du min.

Orain arte, aurten, ikusi dugun entzierrorik garbiena eta azkarrenetakoa izan da. Bi minutu eta hamar segundutan osatu dute Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek ibilbidea.

Arratsaldean izanen da zezenketa, sei terdietan.  Juan Jose Padilla, El Juli eta Lopez Simon izanen dira toreatzaileak.

Biharko entzierroan, Vejer de la Fronterako zezenak irtengo dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!