Bost erasotzaileak kartzelaratzeko agindua eman du epaileak

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 9a, 11:26
Argazkia: Indarkeria sexistaren kontrako elkarretaratzearen irudia. / ekinklik.org

> Ostegunean emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta atxilotuetako batek froga gisa erabil daitezkeen bortxaketaren irudiak dauzka sakelakoan. Udaltzaingoa ikertzen ari da.

Kartzelara joanen dira emakume bat bortxatu duten bost gizonezkoak. Epailearen aurretik pasa dira, eta hark eman du espetxeratzeko asgindua. Bortxaketa sakelakoan grabatuta dauka erasotzaileetako batek. Auzia irekita dago, eta, une honetan, Polizia gainontzeko atxilotuen objektu pertsonalak miatzen ari da. Gaur pasako dira epailearen aurretik, 10:00etan.

Bost gizonek ukatu egin dute eraso egin izana, eta "baimendutako sexu harremanak" izan zirela defendatu. Epaileak, ordea, argi eta garbi ikusi du bortxaketa izan zela.

Emakumeak emandako deskribapenari esker hartu ahal izan ditu atxilo Poliziak. Hark bortxatu dutela salatu du, eta ospitalean artatua izan da.

Ez da eraso bakarra izan

Mugimendu feministak deituta, herritarrek eta ordezkari politikoek gertatutakoa "irmo" salatu eta gaitzespena azaldu dute. Osteguneko elkarretaratzean, elkartasuna adierazi zioten emakumeari Indarkeria sexistaren kontrako emakumeon plataformak eta Gora Iruñeak, eta gogorarazi zuten indarkeria matxista askotarikoa dela: "eraso honen larritasuna ahaztu gabe, ezin dugu ukatu jai hauetan hain agerian geratu ez diren bestelako erasoak ere gertatu direla. Hala nola, ukipenak, hitzezko erasoak, gutxiespena eta begirada zikinak, beste batzuen artean".

"Erailketa eta bortxaketak icebergaren tontorra besterik ez dira. Honen azpian bortizkeria hau eragiten duen sistema ikusezina dago: sistema heteropatriarkala", adierazi zuten. Horregatik, "bestelako jendarte eredu bat" sortzearen alde azaltzearekin bat, autodefentsa feministaren aldeko deia zabaldu zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!