3,8 milioi euro Katedraleko klaustroa zaharberritzeko

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 31a, 21:13
Barkos Lehendakaria Katedraleko klaustroa zaharberritzeko hitzarmena sinatzen.

2015ean 70.000 bisitari jaso zituen klaustro gotikoak.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Foru Komunitatearen, Iruña eta Tuterako Artzapezpikutzaren, eta "la Caixa" eta Caja Navarra banku-fundazioen arteko hitzarmena sinatu du Iruñeko Katedraleko klaustroa zaharberritzeko. Zenbait fasetan egingo da 2016 eta 2020 artean, 3.800.000 euroko hasierako aurrekontuarekin.

Bere agerraldian, Barkos Lehendakariak Nafarroako Gobernuak elementu arkitektoniko hori berreskuratzearen alde egindako apustua azpimarratu du, eta hitzarmenaren sinadura mugarri adierazgarri bat dela esan du; izan ere, alde batetik, kofinatzaketaren formula aplikatzen da eta, gainera, jarduera horrekin jendea ondarera hurbildu dadin lortu nahi da.

Uxue Barkos ziur dago obra horrek jendearen interesa piztuko duela, eta gogora ekarri du katedrala monumentu historiko-artistikoa izendatu zela 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez. "Klaustro gotikoa eta hura inguratzen duten gelak, berriz, Europako Erdi Aroko arkitekturaren ondare aberasgarrienetarikoak dira", eta ia mi mende behar izan ziren eraikitzeko, 1277tik 1472ra. "Gainera, Santiago bidean gehien bisitatzen den monumentuetako baten aurrean gaude. Izan ere, 2015ean 70.000 bisitari jaso zituen, horrek gure Foru Komunitaterako duen eragin kultural, sozial eta ekonomikoarekin".

Barkos Lehendakariak nabarmendu duenez, "lanei ikusgaitasuna emateko asmo horretan, esku hartzea zabaltzeko proiektu bat egingo da, hura egin bitartean nahiz amaieran, eta kultur ekintzak hartuko ditu barnean; eta, jakina, bisiten programazio bat antolatuko da askotariko jendearen eskaerari erantzuteko". Aurreikusita dago, halaber, "ahalik eta ikasle gehien hartuko dituen hezkuntza-programa bat garatzea, eta elkarte, talde eta beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea gure ondarearen adierazle garrantzitsu honen gaineko ezagutza zabaltzeko".

"Oso beharrezkoa den jarduera baten aurrean gaude –dio Uxue Barkosek– gure ondarearen elementu garrantzitsu bat zaintzeko orduan baina, aldi berean, aukera ezin hobea izango da Europa guztiko klaustro gotikoaren adibide aipagarrienetariko baten gaineko lan didaktikoa sustatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!