Peñen Federazioa, Paris 365, 'El Tuli', Oberena Dantza Taldea, Sanferminak Berdintasunean eta Hipotekek Kaltetutako Pertsonen Plataforma-PAH, txupinazoa botatzeko hautagaiak

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 31a, 21:08

Ekainaren 10etik 17ra eginen da bozketa. Iruñean erroldatutako pertsona guztiek hartu ahal izanen dute parte.

Aurten lehen aldiz hiritarrek erabakiko dute Sanferminetako txupinazoa nork botako duen. Sanferminetako Mahai Orokorrak zortzi hautagaitza proposatu zuen. Horietako bat kanpoan gelditu zen nahikoa babes ez zuelako lortu eta bestea, Jesús Ilundáin Zaragüeta 'El Tuli'rena, errepikatua zegoelako. Horrela sei izanen dira orain Iruñeko bizilagunek aukeran izanen dituztenak.

Bozketa 010 telefonora deituta, Civivox zentroetan edota internetez egin ahal izanen da  www.pamplona.es gunean.

Hautagaiak

Peñen Federazioa 1959an sortu zen. Gaur egun 15 peñak osatzen dute federazioa: Alegría de Iruña, Los de Bronce, Bullicio Pamplonés, Donibane, Aldapa, Anaitasuna, Armonía Txantreana, Irrintzi, Única, Oberena, Muthiko Alaiak, Rochapea, Sanduzelai, San Fermín eta Jarana. Haiekin batera Antsoaingo Txarko peña dago..

Proposamena Gazte Peña Iruindarrok egin zuen eta aldeko 22 bozka jaso zuen Sanferminetako Mahaian.

París 365, Gizakia Herritar Fundazioa jantoki solidarioaren sortzailea da. Ikastolen Federazioak proposatu du eta 21 bozka jaso ditu.  

Jesús Ilundáin Zaragüeta 'El Tuli' Bronce peñako lehen bazkidea da. 1950etik da bazkide eta 70.  Hamarkadan presidentea izan zen. Bera da entzierroaren aurretik kantuan aritzeko ohituraren sortzaileetako bat. Iruñeko Erraldoiak Kultur Elkarteak eta Bigarren Zabalguneko Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak proposatu du. 21 bozka jaso ditu.  

Oberena Dantza Taldeak aurten haren 75. Urteurrena ospatu du. Lehen txistu eskola ere izan zen eta bertan 100 txistulari baino gehiago elkartzera iritsi zen. Nafarroako Dantzarien Biltzarrak bultzatu du hautagaitza, 26 bozka lortuz.

Sanferminak Berdintasunean taldea Iruñeko Udalaren Emakumeen Kontseiluak proposatua izan da eta 22 bozka eskuratu ditu. Taldea 2014an sortu zen Kontseiluak sustaturik, festa giroan eraso sexisten aurka lan egiteko.

Hipotekek Kaltetutako Pertsonen Plataforma-PAH 2009an sortu eta 2011an iritsi zen Nafarroara. Egun zazpi talde ditu Iruñerrian. Orain Kultur Elkarteak sustatu du proposamena eta 19 bozka erdietsi ditu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!