Iruindar baten tortura salaketa ez ikertzeagatik Espainia zigortu du Estrasburgoko Auzitegiak

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 31a, 12:49
Argazkia: Torturaren kontra margotutako muraletako baten argazkia.

Xabier Beortegik salatu zuen 2011n atxilotua izan zenean, Guardia Zibilak torturatu egin zuela. Nafarroako epaileak baztertu egin zuen haren salaketa; orain, Europak arrazoia eman dio.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak zigortu du Espainia tortura salaketei entzungor egiteagatik. Tortura baimentzen duelako jasotzen duen zortzigarren zigorra da.

Ekinen kontra egindako operazio batean hartu zuten atxilo Beortegi, Jon Patxi Arratibelen auzi berean. Hain zuzen, Arratibelen tortura salaketak dira Espainiak ikertu ez zituenetako beste batzuk, eta horien ondorioz ere kondenatua izan zen.

2011n Beortegi Madrilera eraman zutenean, "mehatxatua eta iraindua" izan zen, eta horrez gain, pistola bat jarri zioten esku artean poliziek, Beortegik berak prentsaurreko baten bidez azaldu duenez. Inkomunikatuta zegoenean, poltsa ipini zioten buruan, eta borra eta elektrodoak uzkitik sartzearekin egin zioten mehatxu. Azkenean, bere buruari errua egotzi zion, "sufrimendua buka zedin".

Grande Marlaska epailearen aurretik pasatzerakoan, aske geratu zen Beortegi, haatik, iskin egin zion auzitegiak haren tortura salaketa aztertzeari. Bigarren saiakera iritsiko zen gero. Iruñeko Instrukzio epaitegian ere aurkeztu zuen salaketa, ez zuen aurrera egin, baina. Baina hirugarrenean, bai. Azkenean, Europak eman dio arrazoia.

20.000 euro ordaindu beharko dizkiote, "kalte moralak" direla eta, eta beste 3.500 euro gastu judizialei aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!