Gaur Mixel Etxekopar, Beñat eta Julen Axiari Erraldoien Txokoan

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 26a, 17:38

Iparraldeko musikarien “Orhipetik” emanaldia 20:30ean hasiko da Erraldoien Txokoan. Sarrera doan da, aurretik hartuta. 

“Kantu eta hitza” zikloaren bigarren emanaldia eginen da gaur Erraldoien txokoan. Iparraldetik, Zuberoatik eta Lapurditik etorritako musikariak dira gaurko protagonistak.  

Mixel Etxekopar, abeslari eta bertsolari izateaz gain, zenbait instrumentu tradizional jotzen ditu, hala nola txirula eta ttun-ttuna, eta diskoak grabatu ditu. Maddi Oihenart, Mixel Arotze eta Xavi Garciarekin. Beñat eta Julen Axiari aita-semeak dira, perkusio-jotzaileak, abeslariak eta musika-proiektu berritzaileen sustatzaileak. Beñatek inprobisazioan oinarritutako folk musikaren interpretazioa egiten du. Ahots-teknika irakasle izan da Baionako Musika Eskolan. Julenek, berriz, jazza euskal eta afrikar musikarekin fusionatzen du zenbait taldetan, hala nola Higgs Septet, Yaninga eta Hiru-Alde. Hirurek eman izan diote benetako astindua euskarazko musika-eszenari eta tradizioaren berrikuntzari. Euskal Herrian iturburu anitz dago, baina Mixel, Beñat eta Julenentzat badago berezia den bat Orhi mendiaren magaletan; hain zuzen, handik abiatuko dira hegan, txoriak bezala, kantuaren ozeano zabalera joateko.

Fitxa artistikoa: Mixel Etxekopar (Xirula, Ttun ttun, ahotsa), Beñat Axiari (ahotsa eta perkusioak), Julen Axiari (ahotsa eta perkusioak).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!