NUPeko errektoreak esan du matrikula ez dela garestitu

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 24a, 13:56
Argazkia: Ikasle Abertzaleak sindikatuaren mobilizazioetako bat.

Ikasleek kontrakoa badiote ere, Alfonso Carlosena errektoreak esan du matrikulen erreforma "erraza, sinplea eta logikoa" dela, eta "harrituta" agertu da kexen aurrean.

Nafarroako Parlamentuan egon da NUPeko errektore Alfonso Carlosena, UPNk eskatuta. Urtebeteko matrikulara bueltatuko da unibertsitate publikoa, eta ikasleen ezinegona piztu du gaiak. Haiek diote urte osoko matrikula ezartzeak tasak garestitzea dakarrela, eta, bestalde euskara eta ingeleseko ikasgaien etorkizuna ezbaian uztea leporatzen diote.

Carlosenak, ordea, matrikulen prezioak NUPek ez dituela ipintzen defendatu du. "Ez da hezkuntza publikoaren kontrako erasoa, eta, are gutxiago ez da egin ikasleak kontuan izan gabe".

Geroa Baiko Maria Solanak esan du "irekitako eztabaida" dagoela gai honen karietara: "ez da burokrazia arazo bat, burokrazia arazo bat da ikasleentzat". EH Bilduko Miren Aranoak adierazi du bi seihilekoka edota urteka ordaintzeko sistemak, biek ala biek, "abantailak eta desabantailak" dauzkatela. "Denak" lagunduko dituen irtenbide baten alde lerratu da.

Ahal Duguko Fatima Andreok esan du ikasleriaren parte handi bat ez dagoela ados. Eta akordioa defendatu du. Maria de Simon (Ezkerra) eledunak esan du errektoreak "gehiago" entzun behar duela ikasleek diotena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!