Nafarroak lau milioi euroko kreditua onartu du Microsofteko lizentziak erosteko

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 20a, 08:56
Argazkia: Maria Jose Beaumont kontseilaria, parlamentuan, Microsoften inguruko hitz hartzean. /parlamentodenavarra.es

> Orain arte alokatu egiten zituen, eta aldaketaren indarren esanetan, estrategikoki eta ekonomikoki "egokiagoa" da erostea, aurrera begira.
> Software librea pixkanaka txertatzearen alde azaldu dira.

UPNk alokatu egiten zituen Microsoften produktuak, eta horrek galerak ekarri ditu. Erosketak "diru gutxiagoarekin gehiago egitea" ahalbidetuko du. Hori dio Maria Jose Beaumont barne konseilariak, bai eta multinazionalaren "bahituria" izateari utziko diotela nafarrek. Azken finean, haren irudiko, orain artean izandako kontratuak"konpromiso eta lotura estuak" zekartzan.

Lau milioi euroko kreditua onartu du Nafarroak, beraz, erosketari aurre egin ahal izateko. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta kontra azaldu dira UPN, PSN eta PPN.

Aurrerantzean, software librea instalatzea ere aztertzen ari direla jakinarazi du gobernuak.

Zergatik erosi?

UPNren "pozoitutako herentzia" da Microsoften auzia, EH Bilduko Adolfo Araizen irudiko, eta lau milioi euro gastatzea, "aukera txarren artean ez horren txarra" da. Bide beretik jo du Ahal Duguko Ruben Velascok. Geroa Baiko Patxi Leuzak esan du "buxadura" erregionalisten politiken ondorioa dela.

Erregionalistek, nolanahi ere, ez dute bere egin auzia. UPNko Sergio Sayasek aipatu du, "harrigarria" iruditzen zaiola "multinazionalen kontrakoak eta software librearen aldekoak" lizentziak erostea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!