Euskarazko profila duten zortzi teknikari kontratatuko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 4a, 08:49

> Gazteria, herritarren parte hartzea, berdintasuna, mugikortasuna, kultura eta teknologia berriak dira teknikariek beteko dituzten lan arloak.
> Egun, 1.477 lanpostuetatik, 48k baino ez dute euskara profilik (%3,2).

Euskara C1 maila izan beharko dute Iruñeko Udalak kontratatuko dituen zortzi lagunek, "herritarrentzako euskarazko arreta bermatuta gera dadin", izan ere, euskara da "hiriko berariazko bi hizkuntzetako bat".

Gainera, euskara jakintza izanen dutela bermatuta, euren gain hartu ahalko dute egin beharreko lan guztia. Esaterako, community manager postuan, euskarazko eginkizunak "ez dira itzulpen zerbitzuaren menpe geratuko".

Mugikortasun lanpostuan, eskolentzako materiala sortu beharko dute, eta, horretarako, hizkuntza menperatu beharko dute.

Ingurugiro Hezkuntza, Gazteria eta Herritarren Parte Hartzeari dagokionez, gaztelaniazko eta euskarazko postuak irekiko dituzte. Gazterian ere bi plaza zabalduko dira: bat, euskaraz; eta bestea, gaztelaniaz.

Berdintasun arloan, euskarazkoa izanen da postua. Kulturan dagoen horrek ere jakin beharko du, "euskararekin eta kulturarekin lotutako eginbeharrak" izanen baititu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!