Ari dira Biurdanako irakurketa publikoan Jon Alonsoren testuak irakurtzen

Euskalerria Irratia 2016ko api. 29a, 09:31

Joxe Miel Bidador zenari ere omenaldia eginen diote gaur Biurdana Institutuan. XVII. Irakurketa Publikoa dute gaur. Iruñeko alkate Joseba Asiron, Aitor Etxarte Eskola Kontseiluko lehendakaria eta Aitzol Lasa NUPeko irakaslea izan dira jada.

Gutxika-gutxika bide luzea egin du Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoak eta, aurten, irakurzaletasuna bultzatu nahi duen ekitaldi honen hamazazpigarren aldia ospatuko dute Biurdanan. Aurten, etxeko idazle bat izanen da gonbidatua, Jon Alonso, eta haren testuak irakurtzen emanen dute goiz osoa.

Jon Alonsoren lanari gorazarre eginen diote eta, bide batez, Joxemiel Bidador zena ere omenduko dute. Bidador dantzari, ikertzaile, historialari eta sortzaileak bizitza laburra izan zuen (1970 - 2010) baina ekarpen oparoa egin zion Iruñeko euskal kulturari (Biurdana institutuko irakaslea ere izan zen pare bat urtez). Haren omenez, Alonsok Bidador pastorala idatzi zuen eta gure Irakurketa Publikoan lan horren pasarte gutxi batzuk jokatzen ausartuko gara.

Idazle iruindarraren ibilbidea

Nafarroako Unibertsitate Publikoan itzultzaile dugu Jon Alonso (Iruñea, 1958), baina idazle gisa bide oparoa egina du. Narrazioa eta saiakera landu izan ditu Alonsok, eta bi generoak lan bakarrean uztartzera ere ailegatu da. Jon Alonsok sortutako pertsonaia ezagunena Enekoitz Ramirez Lanbas dugu. Eleberri beltzaren tradizioan, Lanbas antiheroia dugu: preso egondakoa, arte saleroslea eta lapurra, detektibe izan gabe ikertzaile lanetan aritzen da beti nahiko zorte txarrez. Orain arte hiru eleberritan agertu da: Camembert helburu (1997), Zintzoen saldoan (2012) eta Hiri hondakin solidoak (2015). Lanbasen bidez, erabateko eszeptizismoaren ikuspuntutik, Alonsok kritika gogorrak eta, aldi berean, sarkastikoak egiten ditu.

08:15etik 13:45era, aukeraturiko idazlearen liburuen pasarteak irakurriko dituzte Biurdanan. Irakurle lanetan Biurdanako ikasleak eta kanpoko gonbidatuak ibiliko dira. Gonbidatuen artean: Aitor Etxarte Nafar Eskola Kontseiluko lehendakaria, Aitzol Lasa NUPeko irakaslea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Saioa Alkaiza Bertsolaria, Anabel Arraiza aktorea, Joli Pascualena Demode Quartet taldeko abeslaria eta Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza Kontseilaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!