Turismoa sustatu sanferminez haratago

Euskalerria Irratia 2016ko api. 29a, 07:44

Iruñeko Turismoa Bultzatzeko Plana jarri du abian udalak sektoreko eragileekin elkarlanean. Iaz, 500.000 bisitari izan ziren hiriburuan eta 224 milioi euro utzi zituzten.

Turismoa Sanferminez haratago bultzatzeko Plana jarri du abian Iruñeko Udalak. Horretarako, turismo sektoreko eragileekin osatzen ari da plan horrek jaso beharko lituzkeen oinarriak. Kalitatezko turismoa eskaintzea da asmoa. "Hiri atsegina, berdea, kulturala eta historikoa da Iruñea", nabarmendu du Patricia Perales Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Jasangarriaren zinegotziak.

Diagnostiko bat osatua dute. Iruñeko argazkia turistek egina. Ahuleziak eta indar guneak agerikoak dira irudi horretan: klimak, aireportuak duen hegazkinen joan etorrien eskasia, planifikazio eza eta promozio txikia dira ahulezia nabarmenenak.

Indar guneak: ondare historiko eta kultural zabala duela, hotel eskaintza zabala duela, hiri berdea dela eta unibertsitate eta osasun eskaintzan abangoardian dago. Eta are gehiago, indar gune horiek are gehiago sustatzeko, aukerak zabaltzea ere galdegiten dute turistek: sinergiak egitea hurbileko hiriekin, gastronomia turismoa bultzatzea edo Oteiza Museoari zuku gehiago ateratzea.

Turismoaren gorakada izan da azken urteotan eta are gehiago hazteko xede du udalak. Iaz, 500.000 bisitari baino gehiago izan ziren Iruñean eta 224 milioi euro utzi zituzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!