Euskaltzaindiak Osoko Bilkura eginen du Iruñeko Udalean

Euskalerria Irratia 2016ko api. 29a, 08:35

Bilkura horretan Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle berriak izendatuko ditu.

Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da. Ordu horretan Iruñeko Udalak -alkateaz gain alderdi guztietako kideak izanen dira- harrera egingo dio Euskaltzaindiari. Joseba Asiron alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hartuko dute hitza eta ondoren Udalak eta Euskaltzaindiak opari bana egingo diote elkarri.

Ondoren Osoko bilkura egingo du Akademiak. Bilkura horretan Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle berriak izendatuko ditu. Honetaz gain Glosario Parlamentarioa (I) aurkeztuko da. Hiztegi Juridiko-Parlamentario biltzeko lantaldea Euskaltzaindiaren koordinaziopean ari da lanean eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzaren IVAPeko eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zenbait kidek osatzen dute. Taldeak parlamentu-lexikoa bateratzea du xede, ondoren Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osatu ahal izateko. Lan horren lehenengo emaitza aurkeztuko da Euskaltzaindiaren Osoko bilkuran.

Miguel Angel Urmenetaren omenez

Bestalde, arratsaldean, 16:30ean, Miguel Angel Urmenetaren omenezko ageriko bilkura egingo du Euskaltzaindiak, Kondestablearen Jauregian. Egitaraua:

 

  • Andres Urrutia, euskaltzainburua
  • Patxi Zabaleta: “Miguel Javier Urmeneta euskararen laguntzailea Nafarroan”
  • Asisko Urmeneta, komikilari eta ilustratzailea. Miguel Javier Urmenetaren semea

Iruñeko Udaletxean izan zen jada Euskaltzaindiaren beste bilkura bat, 2013ko irailean. Euskaltzaindiak hilean behin egiten ditu osoko bilkurak, eta Akademiaren irizpideei jarraituta urtean behin gutxienez biltzen da bere hizkuntza-eskumenari dagokion lurraldeetako bakoitzean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!