Txantreako jaietan aurten festaleku ibiltaria

Euskalerria Irratia 2016ko api. 27a, 19:51

Bihar abiatuko diren jaietan esparru berrietara zabalduko dituzte kontzertu eta ekimenak. Salestarren gunea zabalik egonen da egunero gauerdira arte. 

 

Iluntzeko zortzietan hasiko da besta bihar Iruñeko Txantrea auzoan. 20:00etan 25 urte Herri Crossa antolatzen daraman kolektiboko ordezkariek botako dute  suziria.

Aurreko urteotako Festaleku handia ez dela paratuko izanen da aurtengo berrikuntza nagusia. Haren ordez kontzertuak eta ekimenak antolatuko dira auzoko plaza eta txoko desberdinetan: Ostegun gauean Herri Parkean gazteentzako Bokata jatea eta Hawai giroko sorpresa antolatu dute Gazte Mugimenduko kideek, ostiralean Modesto arituko da Salestarretan eta kontzertuak izanen dira Ezkaba plazan, Kaskallueta elkartean eta Felix Plazan eta larunbatean Tximeletak joko du Ezkaba plazan, Trikiteens taldeak Peñan eta gainera beste kontzertu batzuk eginen dira Unairen Txokoan, Maiatzak lehena,  Arriurdiñeta eta Gares plazetan.

Honekin guztiarekin Festalekun aurreko urteotan izan den masifikazioa apurtu nahi dute txantrearrek. Era berean beste festa eredu bat bilatu nahi dute, festa hurbilagoak egite aldera. Gazte Mugimenduko Iñigo Satrustegik eta Haizea Beruetek Irrintzi Plaza saioan adierazi dutenez, era berean alkoholaren gehiegizko kontsumoa ezbaian jarri nahi dute, eraso sexisten aurkako jarrera irmoa erakutsi eta bertaratzen direnen artean euskararen erabilera bultzatu. 

Kontzertuez gain egitarauen azpimarratu daitezke Txantreako konpartsaren eguneroko ibilaldiak, larunbatean Alemanesetan eginen diren kaldereteak, igande eguerdiko Herri Kirolak eta ostiralean Biltokin eginen den Bertso Afaria Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluzerekin. 

Jai egitaraua

Iñigo Satrustegi eta Haizea Beruete, Txantreako Gazte Mugimenduko kideak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!