Iruñean 8 denda berritzaile sortzeko programa abian

Euskalerria Irratia 2016ko api. 21a, 20:20
Arg: @DecodeComunica

Iruñeko Udalak eta CEINek “Denda Naiz-Soy Comercio” ekimena aurkeztu dute.  Ekintzaileek maiatzaren 16ra arte aurkez ditzakete haien ideiak.

Iruñeko Udalak, CEIN Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa enpresa publikoarekin elkarlanean, “Denda Naiz-Soy Comercio” programa abiarazi du, hirian 8 denda berritzaile sortze aldera. Proiektu parte-hartzaileei hiru gauza eskainiko zaizkie: proiektua azkartzeko berariazko programa, merkataritzara bideratua eta CEINek emana; aholkularitza, establezimendu kolaboratzaileen eskutik, eta diru-zuzkidura bat, Nafarroako Rural Kutxak emanda.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrean Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak, Pilar Irigoien CEINeko kontseilari ordezkariak eta Daniel Montoya Nafarroako Rural Kutxako ekintzaile-lerroko arduradunak.

Programa honekin, Iruñeko Udalak erantzuna eman nahi dio tokiko merkataritzaren alde aritzeko helburuari -hirian erreferente eta estrategikotzat jotako sektoreetako bat den aldetik-, merkataritzan eta ostalaritzan berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatze aldera Udala abian jartzen hasi den neurrien testuinguruan. Programa honen bidez, orobat, merkataritza txikiaren erabilera sustatu nahi da, bai eta dauden dendak eta sektoreko ekimen berriak elkarrengana hurbiltzea ere.

Baldin eta ekintzaile batek merkataritzako negozio bat sortzeko ideia berritzaile bat eduki eta Iruñean gauzatu nahi badu, hautagaitza aurkeztu ahalko du “Denda Naiz-Soy Comercio” programarako, eta horretarako eskaera online egin, maiatzaren 16ra arte.

Diru-laguntza eta aholkulariak

“Denda Naiz-Soy Comercio” proiektuak azkartzeko programa da, Iruñean ezaugarri bereizleak dituzten dendak sortzeko xedea duena. Iruñeko Udalaren eta CEINen ekimen honen bidez hiriko txikizkako merkataritza indartu, enpleguaren eta enpresen sorrera bultzatu eta herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea areagotu nahi dute. Programak merkataritza dauka ardatz, besteak beste merkataritzak eragina duelako hiriko espazioaren konfigurazioan, sektore giltzarria delako bizitasun ekintzailea, sortzailea, soziala eta ekonomikoa bultzatzeko, ahalmena daukalako enplegua sortzeko eta zeregin duelako herritarrei hornitu eta zerbitzua ematea.

Programaren lehen edizio honetan, zortzi proiektu hautatu nahi dituzte, gauza izan behar dutenak merkataritzan berrikuntza bultzatzeko, ingurune aldakorrari erantzuteko eta merkataritzan ikuspegi berriak sorrarazteko.

Aukeratuko dituzten zortzi proiektuei 1.250na euro emanen die Nafarroako Rural Kutxa entitate laguntzaileak, CEINekin egin duen hitzarmena baliatuta. Halaber, Iruñeko 13 dendaren arduradunek laguntza emanen diete proiektuei beraien eskarmentua eskainita. Horiez gain, CEINek proiektuak azkartzeko programa bat eskainiko die: behar diren baliabideak eta tresnak jarriko ditu ekintzaileen esku zeinek bere negozio-eredua garatu eta aldera dezaten, eta jarduera abiatzeko presta daitezen. Prestakuntza ere jasoko dute merkataritza arloko gaikako moduluen bidez, honako gai hauei buruz: joerak, tramitazioak, espazioak, bezeroak, marketina eta finantzabideak.

Lehen edizio honetan, establezimendu hauetakoak izanen dira aholkulariak: Ayestarán, Berlín Moda, Cachet, Zuazu harategiak, Garrarte, Urtoki herbodietetika, Irisarri bitxi- eta erloju-denda, La Colmena, La Mandarra de la Ramos, Txirrintxa, Katuzarra, San Domingoko Merkatua, Mi Cocina, Mundoraintxe eta Sahne y Lola.

Aholkulariek hilean behin eginen diren ekintzetan hartuko dute parte: halakoetan aholkua emanen diete ekintzaileei, enpresari gisa duten eskarmentua abiapuntu hartuta, merkatari berriek eskatutako gaiei buruz. Horrez gain, programan zenbait gaitarako berariaz zedarritutako saioetan parte hartu ahalko dute, besteak beste, establezimenduen irudia, kudeaketa, finantzaketa eta halakoak lantzeko.

Zer egin parte hartzeko?

“Denda Naiz-Soy Comercio” programan parte hartzeko, ekintzaileek hautagaitza aurkeztu behar dute, eta horretarako CEINen webgunean (www.cein.es) eta Udalarenean (www.pamplona.es) duten eskabidea bete eta bidali besterik ez dute egin behar. Maiatzaren 16ra arte dute hori egiteko epea. Behin hautagaitza guztiak jasota, aurrehautaketa bat eginen da, eta aurrez hautatutako proiektuak programan parte hartuko duten zortzi proiektuak hautatu behar dituen epaimahaiari aurkeztuko zaizkio.

Bestalde, parte hartu nahi dutenek 848 430030 telefono-zenbakia eta administracion@cein.es helbidea balia ditzakete dituzten zalantzak argitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!