Iruñeko Udalak herritarrak engaiatu nahi ditu udal-erabakiak hartzeko prozesuetan

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 10a, 20:44

Horretarako hamahiru auzo-batzar sortuko dira eta bilerak eginen dira astero otsailetik maiatzera bitartean.

“Auzo-eztabaidaguneak elkarrizketa-guneak dira, herritarrek beren proposamenak egin ditzaten, auzoko zinegotziengandik eta Udaletik informazioa jaso dezaten, eta haiei kontsultak eta ekarpenak egin diezazkieten. Hartara, aukera ematen zaie herritarrei udala osatzen duten auzoen kudeaketan era malguago eta irekiagoan parte hartzeko. Udalak proiektu bat sustatuko du Iruñeko auzo bakoitzean partaidetzazko gune horietakoren bat arautzeko, horien bidez herritarrak udal-erabakietan inplikatu daitezen.” Hau da Iruñeko Udalak ezagutzera eman duen ekimen berria.

Prentsaurrekoa eman dute Iruñeko alkate Joseba Asironek, Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak eta Arloko zuzendari Axel Morenok, hamahiru auzo-eztabaidaguneak -gutxi gorabehera Iruñeko auzo kopurua bezainbeste- sortzeko prozesu partizipatiboa aurkezteko asmoz. Prozesua otsailean bertan hasiko da, auzoz auzoko bilera-fase batekin, eta maiatzean amaitu. Bilerotan auzoko zinegotzitzak eta bakoitzari dagokion zinegotzia aurkeztuko dira, auzoei dagozkien partaidetzako organoak (auzo-eztabaidaguneak edota auzo-kontseiluak), eta herritarren proposamenak jasoko dira, foroen definizioan eta horiek arautzeko eratuko den erregelamenduan kontuan hartzeko. Halaber, bileretan auzoei buruzko auzi garrantzitsu eta premiazkoak jorratuko dira eta parte-hartzaileen behar eta proposamenak jasoko dira. Aldi berean, gune bat irekiko da on line, jendeak -nork bere kasa- auzoetan egindako proposamenak osatu ahal izateko.

Udalak iragarri duenez, maiatzetik aurrera -ekarpen guztiak kontuan hartuta- diseinatuko dira auzoei buruzko kontuetan partaidetzazko organo egonkorrak zein Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokia (DPTB), non ordezkari politiko, tekniko eta herritarrenak bilduko diren. Herritarren Partaidetzako Erregelamendu berrian zedarrituko dira espazio horiek, bai eta partaidetzazko lurralde-organoak ere (esaterako auzoko zinegotzitzak, auzo-eztabaidaguneak eta auzo-kontseiluak).

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!