Iruñeko Udalak publizitatea modu pluralagoan banatzea gogor kritikatu du UPNk

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 9a, 09:27
Enrique Maya, artxiboko irudi batean

> Lehen baztertzen zituzten lau hedabide banaketan sartu dituzte. Besteak beste, Euskalerria Irratia.
> Diario de Navarra, orain arte baino diru gutxiago jasoko duen komunikabide bakarra.

Audientzia, pluraltasun eta elebitasunarekiko errespetu irizpide berrien arabera banatzen ari da Iruñeko Udala publizitate instituzionala. Horri esker, orain arte batere publizitaterik jasotzen ez zituzten lau hedabide banaketan sartzen ari dira: Berria, Gara, Nafar Telebista eta Euskalerria Irratia.

Hori ez zaio batere gustatu UPNko udal taldeari. “Bildu gertuko hedabideak saritzen saiatzen ari da”, salatu zuen atzo prentsaurrekoan Enrique Maya eledunak. “Informazioa euskaraz ematen duten hedabideek, haien audientzia aintzat hartuz, gazteleraz dihardutenek baino hiru aldiz publizitate gehiago izanen dute”, gaineratu zuen. Haatik, ez zuen azaldu bera alkate zelarik zein irizpideren arabera uzten zituen batere publizitaterik gabe euskarazko komunikabideak.

Publizitaterako diru kopurua zertxobait murriztu du Udalak: 1.200.000 eurotik 1.100.000 eurora pasa da. Hori horrela, zenbait hedabideren publizitate sarrerak murriztu egin behar izan dituzte. Zehazki, Diario de Navarra izan da murrizketa pairatu duen bakarra, infografian ikus daitekeenez, eta Mayak bere agerraldian behin baino  gehiagotan nabarmendu zuenez.

Bestalde, aurrerantzean Udalak berak kudeatuko du publizitatea. Ez du eginen publizitate agentzia pribatu baten bidez, orain arte ez bezala.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!