Uholdeen aurkako babes-lanak amaitzear Arrotxapean

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 3a, 19:15

Vergel eta Oblatuen zubien arteko etxebizitzen babeserako  lanek 532.000 euroko aurrekontua dute, % 65,35 Europako Batasunak finantzatua.

Arrotxapeko auzoan amaitzen ari dira gerta litezkeen uholdeen aurreko babes berrien lanak. Vergel eta Oblatuen zubien arteko tartean egiten ari diren lanak amaitzear daude, eta horiek bisitatu ditu gaur goizean Hirigintza Batzordeak, tartean Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurrea zirelarik. Besteak beste, kotak goratu dira Gaseko eskortetako disuasio-aparkalekuan eta sanferminetan feria-lekua jartzen den larrean; horrenbestez, ekidin egin nahi da gerta litezkeen uholdeen ondorioz urak Errotazar eta Arga Ibaiaren kaleak har ditzan eta bertako etxebizitzak kaltetu ditzan.

Arga ibaiaren eskuin ertza babesteko obrek 532.288 euroko aurrekontua dute. Europako Batasunak aurrekontuaren % 66,35 finantzatuko du FEDER funtsen bitartez.

Egindako lanak

Gaseko eskorten inguruko disuasio-aparkalekuan aurrerago eraman dira uholdeen aurkako babesak, horretarako zenbait handitze-lan egin eta babes-lubetak goratuta. Horma bat sortu da Arga Ibaiaren kale ondoko aparkalekua mugatuz, sarbide berria egin da (aldapa bidezko irteera kale berera), eta zenbait eskailera-gune ipini dira oinezkoak aparkalekura sar daitezen. Oinezkoentzako guneak irabazi dira bi lekutan: batetik, Arga Ibaiaren kaleak, Santo Tomas (Domingotarrak) ikastetxeko kirol-instalazioek eta Gaseko eskortako zamalanetarako inguruak osatzen duten "hirukian", zeina hein batean berdegune bihurtuko den; eta bestetik Gaseko eskortaren sarrerak eta Arraun Elkarteak osatzen duten beste "hirukian", zeinak hemendik aurrera segida emango dion ibai-parkeari. Azken inguru horretan, hots, entzierrilloaren lehen tartean, zoladura berria ipini da orain arteko galtzada-harrien ordez.

Sanferminetan feria-lekua instalatzeko baliatzen den bizilagunentzako aparkalekuan ere goratu egin da aparkalekua eta galtzada bereizten dituen hormatxoa, eta igarobide berriak jarri dira, hala oinezkoentzat (igo eta jaisteko eskaileren bidez) nola ibilgailuentzat (Ponpeio plazatik). Oraintxe, inguru horretarako beste sarbide bat egiteko lanetan ari dira Arga Ibaiaren eta Bernardino Tirapu kaleak elkartzen dituen errotondaren inguruan; jatorrizko proiektuan aurreikusten ez zen arren, Erruki etxeak egiteko eskatu du behin lanak hasita.

Jarduketa horiei gehitu behar zaie Arrotxapeko zubiaren eta Arga Ibaiaren kaleko errotonda horren arteko tartean galtzada goratzekoa egin dena. Gainera, zentimetro batzuk goratu dira Arga Ibaiaren kalean ibai-parkearen larrea eta espaloia eta galtzada mugatzen duten karelak, eskortako disuasio-aparkalekuaren eta Oblatuen zubiaren arteko tartean. Hartara, obretako gainontzeko guneen altuera berberera goratu da kota, uholderik gertatuz gero, hor ere ura atera dadin ekiditeko.

Obrek zenbait eraiste, lur-mugimendu, zoladura berri eta sarrailagintza- eta lorezaintza-lan egitea eskatu dute Vergel eta Oblatuen zubien artean, betiere ibaiaren ingurune naturala errespetatuz. Azkenik, berdeguneetako euri-urak hondar bidezko iragazketa-putzuetan biltzeko sistema bat diseinatu da, ur kontinentalen egoera hobetzeko (hiri-drainatze jasangarria) asmodun Europako zuzentarauarekin bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!