San Blas egunean mukuru dago San Nikolas plaza

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 3a, 13:54

Hogeita bat saltoki eta soka-dantza muntatu dituzte San Nikolas plazan. Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta zinegotziek San Blas eguneko azoka bisitatu dute.

Goizeko 9:00etan San Nikolas plazako opil eta gozoen azoka zabalduko da eta arratsaldean soka-dantza eginen dute Duguna dantza-taldeko partaideek 19:30ean.

Ospakizuna dela-eta, Iruñeko Udalak aurreratu egin du asteazkenean egitekoak diren Udaleko Hirigintza Gerentziaren eta Hirigintza Batzordearen bileren hasiera-ordua. Gerentziaren bilera goizeko 08:00etan hasiko da (eta ez, ohi bezala, 09:00etan), eta hura amaitu eta jarraian izanen da Hirigintza Batzordearena. Hartara, nahi duten zinegotziek San Blas egunaren inguruko ekitaldietara joaterik izango dute -haiek eskatu bezala-, esaterako, San Nikolas parrokiak antolatutako prozesio tradizionalera.

San Blas eguneko azoka goizeko bederatzietan irekiko da, hogeita bat posturekin, non produktu tipikoak erosi ahalko diren, esaterako opilak, gozoak, pastak eta gozokiak. Aurten debekatuta egonen da esnegaina edo pastel krema duten produktuak saltzea.

 

Arratsaldean, soka-dantza

Arratsaldeko 19:30ean, azokatik gertu dagoen San Nikolas zokoan, Duguna Folklore Taldeak soka-dantza interpretatuko du, 2013ko San Blas egunean ezarritako tradizioari jarraia emanez. Dantza-mota tradizionala da, Europako hego-ekialdean Erdi Aroaren amaieratik gutxienez egiten ziren kate-dantza, branle eta farandolen estilokoa. Dantza-familia haren eskualdez eskualdeko bilakaeraren emaitza da, esaterako, euskaldunen artean XVI. mendetik dantzatzen den soka-dantza hau.

Soka-dantzan, hainbat lagunek kate bat osatzen dute eskuak elkarri emanda, sokako lehen eta azken dantzarien zuzendaritzapean, hartara biribila osatuz, irekia dantzaren zati gehienetan, baina itxia tarteka. Urtean bitan egiten du soka-dantza Duguna Folklore Taldeak Iruñean, bata San Blas egunean eta bestean San Joan egunean; horien bitartez neguko jaiak eta udan eguzkiaren eta argiaren etorrera ospatu nahi dira, hurrenez hurren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!