Babesgunea eraiki du Askapenak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 1a, 09:03
Askapenako kideen babes handiarekin egin dute agerraldia. Arg: @sortu

Iruñeko Kalekalden sortu dute gunea. Ilegalizazio arriskuaz ohartarazi nahi dute eta jendearen "elkartasuna konpromiso" bilakatu nahi dute.

Erakunde internazionalistako bost kide Gabi Basañez, Unai Vazquez, Walter Wendelin, Dabid Soto eta Aritz Ganboa joan den urrian epaitu zituzten Madrilen, eta epaiaren zain daude orain. Apirilaren 14an joan beharko dute epailearen aurrera deklaratzera. Ordura arte baina, babesgunea eraiki dute Iruñeko Kalekalden. Orain, baldintzapeko askatasunean bizi diren arren, berriz espetxeratuak izateko arriskuan daude. Epaiaren zain egon eta epaia ezagutu aurretik, euskal herritar bat atxilotzen duten lehen aldia ez litzateke izanen eta beldur horrekin bizi dira.  Horren aurrean, orain arte jaso duten jendearen elkartasuna konpromiso bilakatu nahi dute. Horretarako babesgunea ireki dute.

Askapenako kideen esanetan, topagune irekia izanen da Babesgunea. Hitzaldiak, batzarrak, kultur ekitaldiak, mahai inguruak eta bilerak hartuko dituen lantegia izanen da. Iruñeko Kalekalde elkartean zabaldu dute egitasmoa, eta han egonen dira bost auzipetuak aurrerantzean, eperik mugarik gabe, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.

Askapenako kideek larunbatean eman zuten babesgunea irekitzeko zuten asmoaren berri. Agerraldian, herritar ugariren babesa izan zuten eta gizarte eragile, sindikal eta politikariak ere izan ziren, tartean: Nafarroako Legebiltzarreko Bakartxo Ruiz, Diana Urrea eta Esther Korres EH Bilduko parlamentariak; Patri Perales Iruñeko alkateordea; eta Tere Saez eta Mikel Buil Ahal Duguko parlamentariak, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!