Asironek Azkonaren lana erretiratzeko "nahia" azaldu du

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 24a, 13:40
Iruñeko karriketan Azkonaren erakusketaren aurkako pintaketak egin dituzte (Irudia: EITB)

Alkatearen esplikatu du “sormen artistikorako askatasuna adierazpen askatasunaren zati bat da” eta horren alde azaldu da, baina halaber iragarri du Azkonari deituko diola “hitz egiteko, negoziatzeko eta lana erretiratzeko konpromisoa lortzeko”.

Iruñeko Udalaren Rodezno kondea aretoko bere erakusketan Abel Azkona artistak sakratutako ostiekin pederastia hitza izkiriatu izanak polemika eragiten segitzen du. Gaur Joseba Asiron alkateak hedabidez mukuru beteriko Udaletxeko prentsa aretoan azaldu du Azkonaren Amen lana ez zaiola “batere” gustatzen, eta ez zegoela “komisariaturik”, hau da, Udalak ez zekiela erakusketaren zati izanen zenik.

Zuhurtzitaz jokatzeko deia

Nolanahi ere, Asironen iritziz, “adierazpen askatasunarekiko gure konpromisoak gure gustuez haratago joan behar du”. Baina “kritika egin daiteke, hierarkia erlijiosoari ere kritika egin dakioke, baina irainera iritsi gabe, zenbait sentsibilitate min dezakeenera iritsi gabe”. Bidenabar, alkatea lider politiko eta rlijiosoei “zuhurtziaz” jokatzeko eskatu die; Izan ere, “hau bezalako gai korapilatsuetan gizartea aztoratzeak ezin dezake deus onik ekarri”.

Bestalde, gaur goizean Azkonaren erakusketaren aurkako pintaketak azaldu dira Iruñeko zenbait karrikatan, eta artista hainbat mehatxu jasotzen ari da sare sozialetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!