Aho batez defendatu dute Itun ekonomikoa

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 9a, 08:36

Nafarroako Parlamentuan Uxue Barkosek alderdi guztietako ordezkariekin bilera egin du eta denek autogobernua eta Itun ekonomikoa babestu beharra azpimarratu dute.

Espainiako Gobernuak Nafarroaren Itun ekonomikoaren alde agertu da orain, eta pribilegio bat denik ukatu du. Hala ere, foru erregimena eztabaidagai nagusi izan da berriro. Batzuek sistema berriz aztertzea eskatu dute, eta besteek, ostera, errespetua eskatu dute. Errespetua hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak eskatu dute. Atzo Uxue Barkos lehendakariak Parlamentuko alderdi guztietako ordezkariak hartu zituen bileran. Guztiek babes eman diote Nafarroaren autogobernuari eta itun ekonomikoari.

Parlamentuko osoko bilkuran adierazi duenez, erantzun bateratua eman behar zaio Nafarroaren Itun Ekonomikoaren kontrako erasoari. Hala, Parlamentuko bozeramaileekin elkartu nahi du, "diskurtso bateratua izateko eta elkarrekin norabide berean arraun egiteko".

Nafarroako lehendakariarentzat "oso kezkagarria" da Espainiako Ogasun Ministerioak txosten bat osatu izana erkidegoek egin baina Gobernuak "bideratutako" argudioekin. "Nafarroako gizarteak ez du oinarrizko tresnetako baten kontrako erasorik onartuko", esan du Barkosek, horren inguruan "adostasuna" lortu ondoren.

Gai horrekin lotuta, Javier Esparza UPNren bozeramaileak esan du ez dela Barkosen hitzekin fidatzen: "Ezin duzu Nafarroa defendatuko duzula esan, erakundeetan ikurrina inposatzen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan bilkura monografiko batez hitz egiten duzun bitartean". Dena dela, "txeke zuririk" ez dio eman UPNk Barkosi baina babestu egin du itun ekonomikoa defenditzeko beharra. 

Adolfo Araiz EH Bilduren ordezkariaren ustez, azkenaldian gertatzen ari denak agerian uzten du "Nafarroak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko beharra" duela. "Erabakitzeko eskubidearen oinarri garrantzitsuenetako bat da autogobernua, ez baitu aurrera egiterik zerga-bilketa gaitasunik eta zergen kudeaketa ekonomikorik gabe".

Podemos-Ahal Duguren aldetik Laura Perezek "autogobernua indartzeko" borondatea erakutsi du; izan ere, "demokrazian sakontzen laguntzen du".

Maria Chivite PSNren ordezkariak berretsi du Estatuaren aniztasuna eta Nafarroaren berezitasuna defendatuko dituela. "Beti defendatu dugu Ituna, eta hala jarraituko dugu egiten", adierazi du Chivitek, "Konstituzioak onartzen duen eskubidea da".

 

Jose Miguel Nuin Ezkerraren bozeramailearen esanetan, "Itun Ekonomikoa autogobernuaren tresna garrantzitsuenetakoa da".

PPri dagokionez, Ana Beltranen arabera, Ogasun Ministerioak kaleratutako txostena ez dute egin "ez Espainiako Gobernuak ez Montoro ministroak, erkidegoek baizik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!