Izendapen askeko karguak %29 murriztu ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 3a, 10:19

Horri esker, 600.000 euro aurreztuko ditu udal gobernu batzar berriak.

Iruñeko Udala berrantolatzeko Alkatetzaren dekretua aurkeztu dute Joseba Asiron alkateak eta Joxe Abaurrea hirugarren alkateordeak.   

Horren arabera, Udalak hamar alor izanen ditu, eta zinegotzigo berezi bat. Gobernu Gardenaren Alorra alkatearen ardura izanen da. Beste bederatzi alorrak zazpi zinegotziren esku egonen dira.

Asironen arabera, alkatetzara iritsi zelarik “funtzionatzeko moduetan zenbait anomalia eta berrikusteko moduko hainbat gauza” atzeman zituen, besteak beste, “alorretan desorganizazio handia, eta haien artean koordinazio falta nabarmena”.

Horretaz gain, alkate berriak salatu duenez, “motibazio falta” bistakoa zen Udalean. “Seguru asko, horren zergatia da urte askotan inposizioa izan dela nagusi, eta horrekin batera mesede tratuak, inertziak eta abar”. Organigrama berriarekin, hori guztia zuzendu nahi omen dute: “Kontua ez zen azken 16 urteotakoa ordekzatzea baizik eta berritik sortzea. Hilabete eta erdiz lan handia egin behar izan dugu, aldaketa lasaia gauzatu ahal izateko”.

Asironek dioenez, antolamendu berriaren oinarriak dira “aniztasuna da, hor ordezkaturik baitaude aldaketaren alde egin duten lau indarretatik hiru [EH Bildu, Aranzadi eta Izquierda Ezkerra], eta aldaketaren aldeko akordio programatikoa”.

Alkateak Gobernu Gardenaren alorra zuzenduko du. Tokiko Ekonomia Iraunkorra EH Bilduko Patri Peralesen ardura izanen da; Hiri Ekologia eta Mugikortasuna, Aranzadiko Armando Cuencarena; Hiri Bizigarria eta Etxebizitza, EH Bilduko Joxe abaurrearena; Kultura, Euskera, Hezkuntza eta Kirola, EH Bilduko Maider Belokirena; eta Herritarren Segurtasuna eta Elkarbizitza, EH Bilduko Aritz Romeorena; Gizarte Ekintza eta Garapen Komunitarioarena, Izquierda-Ezkerrako Edurne Eginorena; Herritarren Parte Hartzea, Berdintasuna, Ahalduntze Sozialarena Aranzadiko Ana Lizoainena.

Proposamena asteazkenean aurkeztu zieten udal taldeei, Eledunen Batzarraren ezohiko bilkuran, eta Presidentetzako Batzarrean irailaren 7an aztertuko dute ofizialki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!