Sanferminak 2015

Iruñeko alkateak parte hartu du German Rodriguezen omenaldi jendetsuan

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 8a, 13:05
German Rodriguezen omenenaldia. Lore sorta, bertsoak eta aurreskua eskaini dizkiote. Argazkia: @3indarrok

Gaur egin diote urteroko omenaldia Rodriguezi. 1978ko sanferminetan zezen plazan izandako liskar handien ondoren hil zuten. Iruñeko alkateak lehen aldiz hartu du parte ekitaldian.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea German Rodriguezen omenaldian izan da gaur; hala, Iruñeko alkate batek omenaldi horretan parte hartzen duen lehen aldia izan da. "Bada garaia Iruñeko Udalak eta alkateak ekitaldi horretan presentzia izateko", adierazi du Asironek. Halaber, salatu du "akusaziorik eta zigorturik gabeko krimena" dela Rodriguezena. Gogorarazi du kanpainan esan zuela memoriaren eta erreparazioaren beharra, eta horri jarraituz parte hartu du ekitaldian. Eh Bilduko parlamentariak ere izan dira Bakartxo Ruiz besteak beste. Iruñeko Udaleko zinegotzi, Itziar Gomezek (Geroa Bai) ere parte hartu du omenaldian baita Maria Solana alderdi bereko parlamentuko kideak ere, Nafarroako Gobernuko presidentegaia ere izan da, Uxue Barkos.

Jendetzak hartu du parte Rodriguezen omenaldian. Lore sorta, bertsoak eta aurreskua eskaini dizkiote haren omenezko oroitarriari. Memoria, justizia eta aitorpena eskatu dituzte ekitaldian.

1978ko gertaerak gogoan

Sanferminak ziren, festetako hirugarren eguna, eta, zezen plazan izandako liskar handien ondoren, tiroz hil zuten, Orreaga etorbidean. Liga Iraultzaile Komunistako (LKI) kidea zen, eta 23 urte zituen hil zutenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!