22 urteko gazte bat hil zen atzo eguerdian Magdalenako zaldainetan

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 7a, 12:17

Ekuadorren jaioa eta Arrotxapeko auzolaguna zen Carlos Marcelo Diaz Óbaco itota hil zen atzo, lagunekin errekan bainua hartzen ari zela. 

Eguerdiko 12:45 aldera gertatu zen ezbeharra. Carlos Marcelo Diaz Óbaco ari zen lagunekin uretan jostetan, beste gazte asko bezala, zaldainen parean dagoen lau metroko sakonera duen ur putzu batean. Zuhaitz batetik zintzilik dagoen soka batetik bota zen gaztea bi aldiz uretara, baina bigarren aldian azalera atera ezin eta laguntza eske hasi zen. Bertan zeuden beste gazte batzuk berehala laguntzera joan baziren ere, ezin izan zuten ezer egin eta gaztea ito zen. Minutu gutxiren buruan bertara hurbildu ziren udaltzainak, anbulantzia bat eta Cordovillako parkeko suhiltzaileak. Putzuan hondaratu zegoen gorputza atera eta berpizteko saiakerak egin arren ordu biak aldera  defunzio partea sinatu zuten.

Carlos Marcelo Diaz Óbaco Ekiuadorren jaioa zen ta zazpi urte zituenetik Iruñean bizi zen bere amarekin. Seme bakarra zen, Biurdana Institutuko ikasle ohia eta heldu den urtean Arte Grafikoen ikasketak hasteko asmoa zuen.

Azken asteotan Nafarroan itota hil den hirugarren persona izan da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!