Sanferminak 2015

Lehertu da aldaketaren festa Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 6a, 12:29
Hasi dira 2015eko sanferminak. Argazkia:eitb.eus

Ikurriña Iruñeko Udaleko eraikinean zintzilikatu dute aurten 1977tik debekatua izan ostean. Algara, poza eta beroa ere nagusi Alde Zaharreko karriketan.

Aldaketaren sanferminetan Txupinazoa bota dute Iruñeko Orfeoiko kideek eta Veleta Peñako ondorengoek: Javier Aranegik (Iruñeko Orfeoia) eta Chantal Estradak (Veleta Peña) jaurti dute udaletxeko plaza mukuru beteta zelarik. 1977tik debekatua izan den ikurriña Iruñeko udaletxeko hagatik zintzilik jarri dute 11:00etan. Ikurriñarekin batera Europako, Espainiako, Nafarroako eta Iruñeko banderak izan dira balkoian. Greziarena ere atera dute Aranzadiko zinegotziek balkoira. Plazan kolore askotako banderak: Euskal presoak euskal herrira ekartzeko eskatzen zutenak, Nafarroakoa, Portlan erraustegiaren aurkakoa, Nafarroak erabaki zioen afixa eta ikurriña ere plazan jendearen artean. Aldaketaren festen lehen irudiak izan dira protagonista Txupinazoan. Giroa bero eta tenperatura ere altu. Algarak, pozak eta uda giroak hartu du Iruñea.

Goizeko bederatzietan udaltzainak prest ziren, ilaran, jendeak Udaletxeko plazara kristalezko botilarik sar ez zitzan. Aurten gainera, horretaz gain, eraso sexistak gerta ez daitezen tentuz ariko dira lanean. Erasoak ekidin eta baten bat antzemanen balute, geldiarazi eginen dute udaltzainek.

Alderdi politikoetako ordezkariak, udaletxean

Patricia Perales alkateordea udaletxe barruan izan da Txupinazoaren unean. Ikurriña jartzearen erabakia ez da bakarrik EH Bildurena izan, gainontzeko alderdiekin adostu ahal izan dutela esan du Peralesek. Ikurriña udaletxeko balkoitik zintzilik egotea garrantzitsua dela adierazi du "iruindar askoren bandera delako". Sanfermin baztertzaileen aroa amaitu dela azaldu du alkateordeak "lehen pausoak ematen ari gara aniztasuna errespetatzeko".

Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere kontent udaletxe barruan egoteko aukera izan duelako. Aznarezen desioa “eraso sexistarik gabeko jaiak izatea”.

Zortzi urtez zinegotzi izandako Uxue Barkosek esan du gaurko egunean iruindar izatearen harrotasuna sentitzen duela. Ikurriña hagan jartzea ongi deritzo, baina adostasun gehiagorekin erabaki beharraz hitz egin du Barkosek. “Herritarrek eurenak sentitzen dituzten ikurrek izan behar dute lekua hagan”. Legea aldatu arte dena dela eta udalbatzak erabakia hartu arte itxoin behar zela uste du Geroa Baik.

Izquierda-Ezkerrako Edurne Eginok esan du, Enrique Mayari formula hori proposatu ziola, alegia Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak gonbidatzea eta ikurriña legez jartzea balkoian, eta hortaz ongi iruditu zaio ikurriña balkoian ikustea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!