Sanferminak 2015

Joseba Asiron (Iruñeko alkatea): "Legea betez jarri dugu ikurriña udaletxeko balkoian"

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 6a, 11:15
Ikurriña udaletxeko balkoian. Argazkia: @hedoi_etxarte

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak helegitea jarri du Iruñeko udal gobernuaren aurka Ikurren Legea urratu duelakoan.

"Ikurriña egon behar zela uste dugu, iruindar askok euren banderatzat dutelako", nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Ikurren Foru legea errespetatuta jarri dutela baieztatu du: "Kanpoko erkidegoetako ordezkariak etortzen direnean legezkoa da euren bandera jartzea balkoian", azaldu du.“Iruñeko gizarte anitzaren isla izan behar du Udalak eta halaxe izan behar du udaletxeko balkoiak ere”. Trantsizio garaian balkoian izan zen ikurriña eta 40 urteren ostean Iruñeko udaletxeko balkoian ikusi ahal izatea pozgarria delsa esan du.

Erabakia ez da bakarrik EH Bildurena izan, gainontzeko alderdiekin adostu ahal izan dutela esan du Asironek. Ikurriña udaletxeko balkoitik zintzilik egotea garrantzitsua dela adierazi du "iruindar askoren bandera delako". Sanfermin baztertzaileen aroa amaitu dela azaldu du alkateak "lehen pausoak ematen ari gara aniztasuna errespetatzeko".

“Une hunkigarria bizitzen ari naiz”, esan du Asironek. “Balkoira atera ahal izateak nigan sortzen duen emozioa azal ezina da”, nabarmendu du.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!