Epaiketa politikoak amaitu daitezela eskatu du Iruñerriko Harresiak

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 2a, 13:06
Iruñerriko Harresiko kideak izan dira agerraldian absolbitutako gazteekin.

Zazpi urteren ostean absolbitu egin dituzte Segiko kide izatea leporatuta zeuden Iruñerriko hamar gazteak. Kontent daude sententziarekin. Lanean segitzeko prest daudela ere nabarmendu dute.

2008an atxilotu zituzten, eta torturak salatu zituzten guztiek. Bat izan ezik, guztiak espetxeratu zituzten, eta bermeak ordainduta atera ziren gero. Zazpi urtera egin zuten auzi horren epaiketa. Hamar auzipetuetatik hiru espetxean dira beste auzi batzuengatik. Maiatzean epaitu zituzten Iker Araguas, Ibai Azkona, Gorka Sueskun, Mikel Marin, Diego Javier Octavio, Iker Aristu, Iñaki Marin, Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Mikel Flamarique.

Auzitegi Nazionaleko epaileek ebatzi dutenez, ez da frogatu hamar auzipetuek modu "aktiboan" parte hartzen zutenik Segin. Javier Martinez Lazaro eta Fermin Etxarri epaileek azaldu dute zenbait objektu izateak ezker abertzalearekiko, independentziarekiko edo presoen sakabanaketaren kontrako jardunarekiko atxikimendua adierazten dutela, baina ez "terroristatzat jotako erakunde bateko kidetza". Halaber, nabarmendu dute erakunde batek baliatzen duen "ikonografiak esanahi ugari" izan ditzakeela eta ez dela militantzia aktibo baten adierazle.

Gorka Sueskunek hitz egin du Iruñerriko hamar auzipetuen izenean: "Kontent gaude sententziarekin baina oraindik gu bezala preso dituzten gazte asko daude". Euren egoera normalizatzen ez den arte lanean segitu beharra dagoela aldarrikatu du.

Sanferminetan laranjaz janzteko proposamena

Sanferminei begira jarrita, militantzia politikoagatik epaitzen ari diren gainerakoak babestearren, egun laranja izendatu dute uztailaren 11. Elkartasuna eta konpromisoa oraindik beharrezkoak direla nabarmendu dute. Segiko kide izatea leporatzen zieten hamar gazte hauei, baina oraindik gauza berberagatik akusatuta eta preso dute adibidez Ibon Esteban gaztea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!