Sanferminak 2015

Joseba Asiron: "Jai eredua aldatzeko lehen pausoak aurtengo sanferminetan antzemanen dira"

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 30a, 13:54
Egitarau ofiziala aurkeztu dute gaur. Argazkia: hotelandia.com

Egitaraua ia guztiz itxita zegoen arren, udal gobernu berria saiatu da "ekitaldi herrikoiagoak eta parte hartzaileagoak" prestatzen. Denera 459 ikuskizun antolatu dituzte, gehienak musikarekin lotutakoak.

459 ekitaldi antolatu dituzte, gehienak musikarekin loturiko ikuskizunak. Haurrek Carlos hirugarrenean izanen dituzte ekimenak, dantzaldiak Antoniuttin, Gazteluko plazan eta Gurutzeko plazan izanen dira, Basotxoan DJak ariko dira eta euskal giroko ikuskizunak Takoneran.

Berrikuntza hainbat ere badira aurtengo sanferminetarako. Txupinazoaren egunean gaita jotzaileak izanen dira Gazteluko plazan giroa berotzen, eta ondoren, kalejira eginen dute Alde Zaharreko kaleetan barna. Prozesioari dagokionez, alkateak bertan parte hartuko du erakundearen ordezkari gisa. Mezan dena dela ez dela egonen iragarri du, "sinesmenaren esparrua pribatua da". Bestetik, erraldoien agurra ere ezberdina izanen da aurten. Uztailaren 14an Udaletxeko plazan egiten den ekitaldia “parte hartzaileagoa” izanen dela iragarri du Maider Beloki kultura zinegotziak. “Konpartsako kideen ekitaldian antzerkia eta ikusleen parte hartzea izanen da, baita txikiendako sorpresaren bat ere”.

Datozen festak bereziak izanen direla nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. "Ilusioz bizi ditut bezperako egun hauek". Dio, ia guztiz itxita bazegoen ere aurtengo programazioa, aldatzeko aukera izan duten ekitaldiak herrikoiagoak eta parte hartzaileagoak egin dituztela. Txupinazotik hasita. "Iruñeko Orfeoiak 150 urte bete dituelarik aukera ematea egoki iruditu zitzaigun eta Veleta peñako ondorengoak ere izanen dira". "Jai eredua aldatzeko lehen pausoak aurten ematen ari gara".

Zezenketetan ere aldaketa

Iruñeko Udalak ez du zezen plazako sarrerarik erosiko, eta hala, zezenketen kostua erdira jaitsiko da. Merenduetan ere aurrekontuak behera eginen duela iragarri du alkateak. Zezenketetako palkoari dagokionez, bi egunez joanen dira UPN, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak, eta egun batez EHBildukoak.

Ikurrina txupinazoa jaurtitzen den unean izanen den galdetu diote beste behin Asironi. Urtero bezala, baina aurten jazarria izan gabe, kalean eta udaleko eraikinean izanen dela baieztatu du. "Legea errespetatuz jokatuko dugu baina herritar guztiak sanferminetako ikurrekin identifikatzeko modua aurkituko dugu".

Egitarau liburuxkaren 14.000 ale banatuko dituzte

Egitarauak euskaraz eta gazteleraz daude, 14.000 ale argitaratu dituzte, eta bi euroren truke eros daitezke liburu denda, turismo bulego edota Sarasate pasealekuko tonbolan. Diseinuan sanfermin parte hartzaileak irudikatu nahi izan dituzte. Horretarako, bestan parte hartzen duten hainbat herritar bildu dituzte, eta nork bere unetxo gogokoena zein den azaldu du esaldi baten eta irudi baten bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!