Aldaketa Iruñeko Udalaren kale karteletara iritsi da

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 30a, 10:05

Euskarazko eta gaztelaniazko testuak tamaina eta kolore berberetan ageri dira sanferminetako hainbat afixa berritan.

Aleluia! Iruindar euskaldunok jada ez dugu zertan ikusmen hobea eduki erdaldunek baino! Azken urteotan… Azken hamarkadetan, Iruñeko Udalak bere karteletako euskarazko testuetan hizki molde txikiagoak eta kolore nabarragoak erabili izan ditu. Baina aldaketa politikoak kartel aldaketa ere ekarri du Iruñeko Udalera; izan ere, sanferminetako kale kartelak jartzen hasi dira, eta horietan tamaina eta kolore berean ageri dira Aitorren hizkuntza zaharra eta Cervantesena. Haatik, Iruñeko Udalaren logotioan, oraindik aldaketarik ez:hor oraindik Pamplona askoz handiagoa da Iruña baino.

Euskalerria Irratian jakin ahal izan duenez, udal aginte talde berriak oharra helarazi die Udaleko alor guztiei, azalduz aurrerantzean karteletan-eta berdin tratatu behar direla euskara eta gaztelania, Euskararen Ordenantzak dioenari jarraituz. Bestalde, Arartekoak sanferminetako kale karteletan euskara eta gaztelera berdin tratatzeko gomendioa emana zion Udalari, kexa baten karietara. Bestalde, ezin da ahantzi Iruñeko Euskalgintzak kanpaina egin duela afera honen karietara. Nolanahi ere, badira hainbat gauza egiteko, besteak beste, karriketako kale errotuluetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!