Pettiren eskutik abiatuko da gaur aurtengo 'Kantua eta hitza' zikloa

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 20a, 19:44
Lehen planoan, Petti; atzetik, Etxeko uzta luxuzkoa (Irudia: Iruñeko Udala)

Musikari beratarrak 20:30etik aurrera joko du Erraldoien Txokoan. Sarrera musu truk da, baina gonbidapena behar da.

Petti musikari beratarrak Etxeko uzta taldearekin joko du Descalzos karrikako aretoan. Bere disko berria aurkeztuko du: Astiritan. Pettiren beraren esanetan, “errirmo lasaieko rock and rolla” jorratu du lan horretan. Kontzertua 20:30ean hasiko da. Sarrera musu truk da, baina gonbidapena behar da. Eta gonbidapenak 19:30etik aurrera banatuko dituzte Erraldoien Txokoan bertan, Descalzon karrikako 72. atarian.

Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen duen 'Kantua eta hitza' zikloko aurtengo lehen emanaldia izanen da Pettirena. Haren ondotik eta ekainaren 25 bitartean Erraldoien Txokotik pasako dira, hurrenez hurren, Tania Da Sousa, Tadusak, Morau eta Beñardo, Olatz Zugasti eta H-Eden.

Luxuzko uzta

Petti Berako musika-sortzaile eta interprete ezaguna da. Bere musikan Nick Cave, Tom
Waits eta Mikel Laboaren eragina nabari daiteke, besteak beste. Kantautore berezia da musika sortzeko, abesteko eta gitarra ‘zarrastatzeko’ dituen molde bitxiengatik. Gitarra-jotzaile eta bluesman fina da, indar eta adierazkortasun berezi batez betetzen du taula. Bakarkako sei disko argitaratu ditu eta zenbait lan konpartitu Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Xabi Garre (Señor No) eta Barrence Withfield soul musikari estatubatuarra eta besterekin. Egun Balerdi Balerdi euskal rock taldeko gitarra-jotzaile ere aritzen da.

Erritmo lasai eta melodia politeko bost rock pieza biltzen dituen Astirtitan aurkeztuko digu luxuzko banda baten laguntzarekin, Etxeko uzta alegia: Igor Telletxea (Jabier Muguruza, Bide Ertzean, Onddo), Joseba San Sebastian (Anje Duhalde, Triki Ta Ke, Sen) eta Joseba Irazoki (Mikel Erentxun, Atom
Rhumba, Duncan Dhu...).

Fitxa artistikoa: Juan Luis Pérez Mitxelena ‘Petti’ (ahotsa eta gitarra), Joseba Irazoki (gitarra), Joseba San Sebastian (baxua) eta Igor Telletxea (bateria).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!