Laguntzak eskatzeko oinarriak apirilaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte. Udalak orotara 377.000 euro banatuko ditu, bi lerrotan.
Lehen lerroan, arte musikalak eta eszenikoak hartuko dituzte aintzat. Alor horretako produkzio, programazio zein promozio egitasmoetarako eskatu ahal izanen dira laguntzak.
Bigarren lerroaren bidez, zabalpen zein promozio kulturala edota humanistikoa lagunduko dute: hitzaldiak, mahai inguruak, lehiaketak, erakusketak, ikus entzunezkoen pantailaratzea, jaialdiak eta desfileak. Horretaz gain, helburua dibulgazioa duten musika, liburu edo ikus entzunezko lanak bultzatuko dituzte. Eta arautu gabeko formazioa: ikastaroak, mintegiak eta jardunaldiak.
Laguntza lorturiko puntu kopuruen arabera jasoko da. Zerotik 100era 70 puntu baino gehiago jasotzen dituzten proiektuek aurrekontuaren %30a jasoko dute. 60 baino gehiago eta 69 baino gutxiago dituztenek, %20. Eta 60 baino gutxiago dituztenek %10. 50 puntu baino gutxiago dituzten proiektuek ezinen dute laguntzarik jaso.