Zentro Komunitario Soziala Txantreako kolektiboentzat izatea lortu dute auzokideek

Euskalerria Irratia 2015ko api. 20a, 12:08
Txantrean Auzolan aldizkaritik hartua

UPNk amore eman eta eskatutako Ama Salestarren  lokalak  utziko dizkie auzoko sei kolektibori. Gaurtik erabili ahal izanen dituzte.

Auzokideen presioak lortu du Txantreako sei kolektibok bultzatutako planak aurrera egitea. UPNk onartu zituen auzolagunen aldarrikapenak ostiraleko osoko bilkuraren aurretik. Proiektuaren bultzatzaileek mozio bat prestatu zuten osoko bilkuran eztabaidatzeko eta oposizioko taldeen sostengua izanen zuela ikusita Udalaren Gobernu Taldeak bilera batera deitu zituen kolektiboen ordezkariak joan den astean. Lokalak uztea onartu zuen mozioa erretiratzearen truke.

Babes legala

Txantreako kolektiboek babes legala dute Ama Salestarren lokalak erabiltzeko, kongregazioa hau, Miserikordia Etxea (eraikinaren jabea) eta Iruñeko Udalaren artean bi urtetarako sinatutako akordioaren arabera. Hor esaten da ikastetxe ohian auzoko Zentro Komunitario Soziala eta Auzo Unitatea kokatuko zirela. Azken honen leku aldaketak argi berdea jaso zuen Udalaren partetik baina ez lehena, “kolektiboei esperantza faltsurik ez ematearren” Ana Lezcano zinegotziak duela hilabetea esan zuen bezala.

Kolektiboak

Sei dira gaurtik aurrera lokal hauetara sartu ahal izanen diren herri taldeak: Arga-Txantrea Auzokide Elkartea, TxBizi  kolektiboa, Vides GKE, SiñarZubi Federazioa, Erregeen Kabalkada Elkartea eta Txantrea Krisiaren aurrean izeneko plataforma.

Onartutako proiektuak

Arropazain solidarioa Vides GKEk antolatuta,  formakuntza tailerrak, trueke ekimenak. (erraminta bankua jada antolatzen ari dira), informazio gunea, bilera eta ekitaldi aretoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!