Bizikletak trukatzeko azoka eginen dute egunotan Ingurumen Heziketarako Museoan

Euskalerria Irratia 2015ko api. 20a, 09:16

Gaur irekiko dute azoka eta ostiralera arte izanen da aukera bizikletak trukatzeko. Horrez gain, erakusketa bat ere izanen da “Joera berriak hiriko bizikletetan” izenekoa.

Dirua erabili gabe bizikletak elkartrukatzeko eta bizikletarako beharrezkoak diren piezak eskuratzeko aukera jarriko du Ingurumen Heziketarako Museoak. Bizikletak osorik elkartruka daitezke, baina, zatika ere bai: bizikletaren koadroa, pedalak, gurpilak, balaztak edo beste norbaitentzat erabilgarria izan daitekeen ezein atal.  

Museoak azoka izanen du aste osoan zabalik eta erabiltzaileak beharrezkoa duen pieza jaso duela ziurtatzeko, erreminta ere jarriko du eskuragarri bertan aldaketa egin dezaten. Museoak azoka honekin hirian mugikortasun jasangarria sustatzea eta bizikletak berriz erabiltzeko aukera ematea lortu nahi du. Azoka goizez 10:00etatik 13:00tara izanen da irekia eta arratsaldez 18:00etatik 20:00ak arte.

Bizikleta hainbat ere jarriko dituzte erakusketan. Iruñeko hiru enpresek utzitako materiala baliatu dute horretarako. Modu horretan, bertaratzen direnek ikusi ahal izanen dute bizikleta mota asko daudela eta bakoitzak aukera bat baino gehiago eskaintzen ahal duela.

Hirian bizikletarekin

Eguneroko janzkera ez da oztopoa izan behar hirian bizikleta egokiarekin ibiltzeko. Horretarako prestatuak daude hirian barnako bizikletak; kirol arroparik gabe eroso egoteko aukera eskaintzen dutenak dira. Katea estalita izaten dute eta lohi-babesa ere bai, modu horretan zipriztintzeko aukera gutxiago sortzen da. “Joera berriak hiriko bizikletetan” izena izanen du erakusketak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!