Izarpean Oinez: udaberriko zerua euskaraz ezagutzeko aukera gaur

Euskalerria Irratia 2015ko api. 16a, 19:15

Ikuskizun musikatua gaur izanen da Iruñeko Planetarioan, doan, 19:00etan, Nafarroa Oinezek antolatuta.

“Izarpean Oinez” Nafarroa Oinezek Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean prestatu duen jarduera da. Iruñeko Planetarioan irailetik ekainera bitartean Izar-eskola hezkuntza-programa gauzatzen da eta gaur egun, Baztan Ikastolako ikasle ohi batek, Miren Karmele Gomezek, Izar-eskolaren eskuarazko atala gidatzen du. Saio horiek 3 zati izan ohi dituzte: ikasleen adinari egokitutako pelikula eskeintzen da lehenik, ondoren bisitaldiaren egunean ikasleei zein zeru izanen duten erakusten zaie, eta azkenik, solasaldi ttipi bat izaten da. “Izarpean Oinez” jarduera Izar-eskolaren 2. zatian du abiapuntua, eta oraingoan, ikasle gaztetxoei beharrean publiko helduarengan “zerurat begiratzeko” jakinmina piztu nahi du.

Udaberriko zerua eskuaraz ezagutzeko gonbitea luzatu digute Iruñeko Planetarioan, zuzeneko musikaz giroturik gainera! Solasa M. Karmele Gomezen eskutik joanen da, eta musikaren ardura “jorgito&iturria gitarra hegalariak” bikoteak hartuko dut. Musika arloan eskarmentua duten Iñigo Beltzunegi “Iturriak” eta Jorge Gonzalez “Jorgito”k paratuko diote musika izarrei: Iñigo “Iturria” gisa edo “Kaskezur” taldearekin aritzen da, eta Jorge aldiz, “Kokegoxo” eta“Trikidantz” taldeetan aritzen da. Edozein kasutan, bi musikariek emanaldirako propio sortu dituzten abestiak eskainiko dizkigute ortziralean.

Zenbat denbora da zerurat begiratzen ez duzuela? Udaberriko zeruan zein izar eta konstelazio nabarmentzen dira? Non dago Iparrizarra? Planetak teleskopiorik gabe ikusten ahal dira? Ekitaldia akituta, burua goratu eta bertaratu direnak egiazko zeruan izarrak bereizteko gai izanen dira!

Datuak,
Solasa: Miren Karmele Gomez
Musika: “jorgito&iturria gitarra hegalariak”
Emanaldia euskaraz izanen da eta jende helduari zuzenduta egonen da
Hitzordua: apirilaren 17an (ortziralea) 19:00etan, Iruñeko Planetarioan – Sarrera debalde aretoa bete arte
(Gonbidapenak egunean bertan 18:00etatik aitzin hartu ahal izanen dira, Planetarioan, 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko)

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!