Pet Shop Boys taldeak joko du Tres Sesenta jaialdian

Euskalerria Irratia 2015ko api. 14a, 14:12
Neil Tennant eta Chris Lowe (Argazkia: ptshopboys.co.uk)

‘Indi’ musikaren jaialdia ekainaren 5etik 7ra eginen dute aurten. Icer company talde euskaldunak ere joko du Ziudadelan.

Pet Shop Boys, pop elektronikoaren talde mitikoa Iruñera etorriko da ekainean. Hilaren 7an joko du euskaldunon hiri buruzagian, Ziudadelan, Tres Sesenta jaialdiaren barruan. Hala jakinarazi dute gaur jaialdiaren antolatzaileek. Talde britainiarra Electric World Tour bira egiten ari da: 108 kontzertu eskaintzen ari da, 47 lurraldetan.

Neil Tennant abeslariak eta Chris Lowe organo jotzaileak osatzen dute talde beteranoa. 1975ean sortu zuten, eta ordutik 12 disko plazaratu dituzte. Orotara 100 milioi ale saldu dituzte mundu osoan.

Gaur halaber jakinarazi dute Icer company talde barañaindarrak ere joko duela ekainaren 5etik 7ra eginen duten musika indi jaialdian. Icer company taldeak britainiar kutsuko pop-a jotzen du, eta euskaraz abesten du. Taldekideen artean, badira Kerobia taldeko kide ohiak.

Aipatu bi taldeez gain, Tres Sesentan Loquillo abeslari kataluniar beteranoak eta Supersubmarina kultuzko musika indi taldeek joko dute. Iruñera etorriko diren beste zenbait talde: Buzzocks, Reina Republicana, Is Tropical, Arizona Baby eta Leon Benavente.

Jaialdia antolatzen dute In & Out, Esmerarte Industrias Creativas eta Getin ekoiztetxeek, eta Nafarroako Gobernuaren zein Iruñeko Udalaren laguntza jasotzen dute. Kultur zinegotzi Fermin Alonsok gaur goizeko agerraldian nabarmendu du 15.000 lagun erakarri zituela iazko jaialdiak, horietatik %23 kanpotik etorritakoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!