Etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Txantrean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 11a, 10:24

Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea plataformak salatu duenez, kaleratze arriskuan daude auzoko bi familia, hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztelako.

"Etxebizitza eskubidea" leloarekin 300 lagundik gora elkartu dira Txantrean. Manifestazioa egin dute bizilagunek etxe kaleratzeen aurka eta etxebizitza izatearen alde. Txantreako gazte mugimenduak, Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea, Txantrean Bizi eta Txantrea Krisiaren Aurrean kolektiboek atzo egin zuten etxebizitzaren aldeko manifestazioa. Etxe kaleratze arriskuaz ohartarazi eta alternatibak eraikitzen jarraitzeko aldarria egin dute arratsaldean Mendigorria Kaleko Rural Kutxatik abiatu den manifestazioan.

Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea plataformak salatu duenez, kaleratze arriskuan daude Iruñeko auzo horretako bi familia, hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztelako. Ez dira kasu bakarrak, izan ere, zazpi urtez hutsik egon den Nafarroako Gobernuaren etxe bat okupatu duen auzoko gaztea ere kalera bota nahi dute.

Etxebizitza eskubidearen eguna

Kasu hauek salatu eta alternatibak eraikitzen jarraitu dezaten egin dute protesta. Ez hori bakarrik, etxebizitza eskubidearen aldeko eguna egin baitute Txantreako Huarte kalean igandearekin. Goizean haurrentzako jolasak eta bingoa izan dira. Bazkari autogestionatua eta Emantzipazio bulegoarekin eta Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea plataformarekin kafe tertulia izan dute arratsaldean. Bukatzeko, manifestazioa egin da Mendigorria Kaleko Rural Kutxatik, “Etxebizitza eskubidea!” lelopean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!