Azkenean, Aranzadi hautesle elkartea Podemos-Ahal Duguren babesarekin aurkeztuko da Iruñeko udal hauteskundeetara, alderdiko afiliatuek bozketa telematikoan hala erabakita. Podemoseko 1.500 afiliatuetatik 442k eman dute botoa. 214k egin dute Aranzadiren alde, %52,19k hain zuzen ere. Beste aukera zen Cambiar Pamplona alderdi instrumentalaren alde egitea, Izquierda Ezkerrarekin koalizioa osatzeko. Bide horrek 196 boto jaso ditu, %47,80 hain justu. Halaber 32 boto txuri izan dira.
Erabakia uste baino gehiago luzatu da. Podemoseko ordezkariek hasira batan iragarri zutenez, bozketa telematikoa igandean egin behar zuten, eta emaitzak astelehenean jakinarazi behar zituzten. Haatik, arazo teknikoak argudiaturik, bozkatzeko epea astelehen gauerdira arte luzatu zuten. Orduan emaitzak asteartean ezagutaraziko zituztela zabaldu zen. Baina azkenean atzora arte ez zituzten plazaratu. Aukera baten zein bestearen aldekoek iritzi truke nahikoa gogorrak izan dituzte sare sozialetan zein zenbait hedabidetako foroetan.
Hautesle elkartea izanda, Aranzadik orain 3.000 berme behar ditu hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Dagoeneko ekin dio sostengu horiek guztiak biltzeari.