Hauteskundeak 2015

Aranzadik 10 arrazoi eskaini dizkio Podemosi sostengua eman diezaion

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 29a, 12:22

Iruñeko Podemos-Ahal Duguk gaur erabakiko du Aranzadiren alde eginen duen

Iruñeko Podemos-Ahal Duguk gaur erabakiko du, bozketa telematiko baten bidez, Iruñeko Udal hauteskundeei begira Arantzadi hautesle taldeari sostengua emanen dion ala ez. Ez dago argi zer gertatuko den; izan ere, Podemoseko hainbat kide Aranzadin lanean ari badira ere, Podemos barruan beste talde batek beste alderdi bat osatu su, Cambiar Pamplona izenekoa, eta sinadurak bildu dituzte alderdi horretatik abiaturik Izquierda-Ezkerrarekin koalizioa osatzearen alde.

Erabaki horren bezperan, Aranzadik dekalogo bat plazaratu du, Podemosek hautesleen taldea sostengatzearen aldeko arrazoiekin. Lehendabiziko puntuak dio Aranzadirena “prozesu gardena” izan dela; izan ere, “azken sei hilabeteetan hainbat bilera egin dira Podemosen Iruñeko taldearekin, Podemosen batzarretan parte hartu da".

Bigarren arrazoia da Aranzadiren hautagaitza “%100ean herritarrek osaturikoa dela”, eta orain arte Podemosek bere agiri guztietan formula horren aldeko apustua egin duela, koalizioen edo alderdien gainetik. Hirugarren puntuak etika kodea aipatzen du: “Aranzadiren etika kodeak Podemosena betetzen du, eta zenbait gauzatan haratago ere joaten da, esate baterako primario ireki eta orekatuekin, ez baitu eserlekuen banaketa bilatzen baizik eta pertsonarik hoberenak topatzea obedituz agin dezaten”.

Laugarren arrazoia azpiegitura da. Aranzadik nabarmendu du dagoeneko hainbat lan talde martxan dituela eta badituela webgune bat eta lokal bat Alde Zaharrean. Bosgarren puntuan, hautagaitzaren izaera munizipalista azpimarratu dute: “Podemoseko hainbat kiderekin eta zenbait aditurekin elkarlanean, egitarau apurtzailea osatu dugu, munizipalista, beste alderdi batzuek ausardia faltagatik aurkeztuko ez dutena”.

Seigarren arrazoia, Aranzadiren marka politikoak beste hiri batzuetan garatzen ari diren markekin bat egiten duela. “Aranzadi, Iruñea denon artean” da haien marka, Kataluniako hiriburuan darabilten bera: “Bartzelona, denon artean”. Zazpigarren arrazoia, Aranzadik dagoeneko primarioak egin dituela eta zerrenda orekatua osatu duela hainbat alorretako profesionalekin, adin ezberdinetako jendearekin, Podemoseko zein Equoko kideekin.

Zortzigarren puntuak nabarmentzen duenez, “Aranzadi hautagaiza guztiz demokratikoa da, batzarretan eta horizontaltasunean oinarritua, alderdietatik at pertsonek osatua, adostasuna bilatzen duena”. Bederatzigarrena, “Aranzadi giza eskubideetan oinarrituriko hautagaitza etikoa” dela. Hamargarrena, Aranzadi kastaren aurkako taldea dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!