27 postu izendapen askekoak balira bezala bete ditu Iruñeko Udalak, legeak dioenaren aurka

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 25a, 13:32
Argazkia: pamplona.es

LAB sindikatuak salatu duenez, legeak agintzen duen merezimendu-lehiaketa egin gabe egin dituzte izendapenak, eta badira beste 322 postu irregular.

Iruñeko plantilla organikoan badira funtzionarioekin bete beharreko 27 postu legeriak ezarritakoa bazterrean utzita, zuzenean izendatu dituztenak. Gehienak buruzagitzak eta ardura postuak dira. Legeak dio postu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketa egin behar dela. Haatik, zuzenean izendatu dituzte horietan dauden pertsonak. UPNko udal aginte taldearen arabera, izendapen askeko postuak bakarrik 35 dira. Alta, beste 27 hauek ere aintzat hartuz, 62 lirateke.

Hala dio LAB sindikatuak prestatu duen txostena. Txosten hori Pertsonalaren Batzordera igorriko du sindikatu abertzaleak. Agiri horren beraren arabera, euskaldunon hiri buruzagiko Udalean badira beste 322 postu irregular.

LABek ohartarazi du prest dagoela berriro auzitegietara jotzeko, irregulartasun hauek salatzeko. Gogoratuko denez, Gizarte Ongizateko sei ardura posturen izendapenaren aurkako helegitea aurkeztu zuen LABek, eta Nafarroako Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio, eta Maya alkatearen taldea behartu du merezimendu-lehiaketa egitera.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!