Bide-gorrietako 42 kilometro berriz pintatuko ditu Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 17a, 09:43

Bizikletan ibiltzen direnei segurtasuna areagotu eta Iruñeko bide-gorrien egoera hobetu, hori da Iruñeko Udalaren xedea.

Iruñeko Udalak zenbait jarduera eginen ditu hiriak duen bizikletentzako bidea hobetze aldera. Gabriel Viedma Hiri Segurtasunerako zinegotziak proposatu ditu ekimen horiek. Hainbat neurri dira hartuko dituztenak: errepidea gurutzatzen duten bide-gorriek seinale bertikalak izanen dituzte, horrek eragina izanen du 84 zebra bidetan eta bizikletentzako bideen 42 kilometro berriz pintatuko dituzte.

Bizikletan doazenen eta oinezkoen arteko segurtasuna areagotzeko neurriak ere hartuko dituzte. Barañaingo etorbidea eta Miluze kalea lotzen duen bide-gorria hesiekin babestuko dute. Beste zenbait gune finkotan ere berrituko dituzte seinaleak eta segurtasunerako neurriak: Abejeras, Aita Andoain, Pio XII.aren eta Nafarroako etorbidearen artean. 23.646 euroko inbertsioa eginen du Udalak guztira.

Ezkaban eta Buztintxurin badira seinale bertikalak

Lehen ekintza seinale bertikalak ezartzea izanen da Ezkaba eta Buztintxuri auzoetan dauden moduan. Modu horretan, errepidean dabiltzan autoak errazago jakinen dute bizikleta batek noiz zeharkatuko duen bidea. 84 zebra bide inguruetan jarriko dituzte seinale bertikalak, guztira 155.

Autoek ezinen dute bide-gorriaren bazterrean aparkatu

Miluze kalearen eta Barañaingo etorbidearen arteko bide-gorrian ezin izanen dute kotxeek aparkatu. Izan ere, horrek egoera arriskutsuak sortzen ditu kotxeen, bizikleten eta oinezkoen artean. Bide gorriari hesia ere jarriko diote gune horretan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!