3.000 pertsonak aldarrikatu dute Iruñean eredu sozial eta ekonomikoaren aldaketa

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 15a, 02:11
Argazkia: @eraldaketasoziala

Desberdintasun are handiagoak ekarri dituen “murrizketen eta inposizioaren politikaren porrota” salatu dute Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazio koloretsuaren parte hartzaileek.

3.000 pertsona inguru, antolatzaileak zein udaltzaingoaren arabera, abiatu dira 17:30ak aldera Antoniutti parketik 'Aldaketa soziala orain. Tenemos alternativas' leloa zuen pankartaren atzetik. Ordu bete beranduago amaitu da martxa Gazteluko Plazan.

Aldaketaren ortzadarra irudikatu nahi izan dute manifestazioan bildatukoek.

Horrela, alor sozial bakoitzak kolore batekin irudikatuko du bere mezua: lila izan da mugimendu feministarena, urdina hezkuntza, hizkuntza eta kulturarena, urdin argia pentsiodunena, berdea lurraren defentsarako plataformena, berde argia osasunarena, horia bazterketa sozialaren aurkakoa, laranja gazte mugimenduarena, gorria sindikatuena eta txuria oroimenarena, gardentasunarena eta askatasunena.

Manifestazioan Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak adierazi du “murrizketen eta inposizioaren politikaren porrota” agerikoa dela eta politika molde horren aurrean badela alternatibarik.

Lakuntzak oso garrantzitsutzat jo du gaurko manifestazioarekin bat egin duten 50 erakunde herritarren lana. Talde hauek “aldaketa sozialerako beharrezkoak diren gakoak biltzen dituen egitaraua” osatu dutela azpimarratu du.  

Bere aldetik Igor Arroyo LABeko Nafarroako arduradunak aditzera eman du langilegoaren lan eta bizi baldintzak nabarmen kaltetu direla azken 20 urteotan.  

“Hekatonbe sozial” honen arrazoien artean subirotasunaren falta azpimarratu du Arroyok: “Gure bizitzan eragina duten erabaki guztiak Madrilen hartu izan dira, Nafarroako gehiengo soziala bazterrean utzita.”

 “Langilegoaren bizkar etekinak ateratzeko asmoz, elite batek ezarri duen eredu ustela eta gizartearen aurkakoa” izan da hondamendiaren beste arrazoi bat, Arroyoren ustez.

Hori dela eta soluziobide bikoitza behar dela azaldu du “subirotasuna edo Nafarroako eredu ekonomiko eta sozialari buruz erabakitzeko eskubidea eta aldaketa sakona eredu ekonomiko eta sozial horietan.” Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren inguruan, CANen eta beste hainbat alorretan izan diren txiringitoak eta eredu ustelak desegin behar direla aldarrikatu du Arroyok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!